Azaroaren 25a

Iaz baino indarkeria matxista kasu gehiago artatu dituzte eskualdean

Erredakzioa 2024ko aza. 25a, 08:00

Gaur, Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Zarauzko datuen faltan, 80 kasutik gora zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, iaz baino gehiago.

Gaur, Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta 2024a hasi zenetik, gutxienez 86 emakume izan dira indarkeria horren biktima Urola Kostan, udalek emandako datuen arabera. Iaz, epe berean, 75 kasu zenbatu zituzten. Dena den, kopuru horiek kontuz hartu beharrekoak dira, besteak beste, Zarauzko kasuak ez daudelako barruan, oraindik ez baitute aurtengo daturik bildu han; iaz, Zarautzen bakarrik, 6o kasutik gora artatu zituzten. Beizama eta Errezilgo kasuak zenbat diren ere ez dago jakiterik, Saiaz mankomunitateak datu orokorrak ematen dituelako.

Aia

Aian aurten oraingoz bi indarkeria kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: horietako bat sexu erasoa izan da, eta bestea, indarkeria psikologikoa. Gizarte Zerbitzuek emandako datuen arabera, sexu erasoa jaso duenak 39 urte ditu, bertakoa da, eta ezagun batek erasotu duela adierazi du. Indarkeria psikologikoa pairatu duena, berriz, atzerrikoa da jatorriz, 42 urte ditu, eta senarra izan da erasotzailea.

Iazko garai bereko datuekin alderatuta, hiru kasu gutxiago artatu dituzte aurten Aian. Bost emakume horietatik bik indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa jasan zituzten, beste bik indarkeria psikologikoa, eta, azkenak, fisikoa eta psikologikoa. Guztiak oso gertuko pertsonek eraso zituzten iaz ere: senarrak hiru, familiako beste kide batek bat, eta lagunak beste bat.

Aizarnazabal

2022an eta 2023an ez zuten kasurik artatu Aizarnazabalgo Udalaren Gizarte Zerbitzuetan. Aurten, berriz, bi kasuren berri izan dute: bat eraso fisikoa izan da, eta bestea, psikologikoa. Bietan erasotzailea bikotekidea izan dela azaldu dute, eta bertakoak direla biktimak zein erasotzaileak. Biktimetako batek 26 urte ditu, eta besteak 46. Erasotzaileen adinak ere berdintsuak dira: 26 eta 48 urte dituzte.

Azkoitia

Azkoitian gora egin dute indarkeria kasuek iaztik, hamar kasu artatzetik hamalau artatzera igaro direlako hango Gizarte Zerbitzuak. Dena den, 2022. urtean hamasei kasu artatu zituzten, eta hamabost, 2021ean. Aurtengo datuei dagokienez, indarkeria salatu duten emakume gehienak 21 eta 45 urte artekoak izan dira (hamalautik hamar). 46 eta 59 urte artean dituzte hiru emakumek, eta bat 18 eta 30 urte bitartekoa da. Hamalau emakume horiek beren kargura 26 adingabe dituztela gaineratu dute Gizarte Zerbitzuek. Jasandako indarkeria motak ez dituzte zehaztu, baina bai lau emakumek jarri dutela salaketa Ertzaintzan, eta kasu horietan guztietan babes neurriak ezarri direla.

Azpeitia

Azpeitian, Gizarte Zerbitzuetako datuez gain, udalak Udaltzaingoaren eta Emakumeen Txokoaren datuak ere jasotzen ditu, urtearen amaieran txosten bateratua egiteko. Horregatik, aurtengo azarora arteko datu orokorra eman du udalak, balantzea urte amaieran egiten duelako.

2024ari dagokionez, Azpeitian 22 emakume artatu dituzte orotara orain arte udal zerbitzuetan. Iaz, 34 izan ziren. Joan den urteari buruz, hainbat datu osagarri ere eman dizkio udalak Gukari: batetik, kasu gehienak genero indarkeriakoak izan ziren, hau da, bikote edo bikotekide ohiaregandik jasotakoak; %61 izan ziren horiek. Dena den, familiarteko indarkeria, sexu indarkeria eta jazarpen sexista kasuak ere artatu zituzten udal zerbitzuetan. Bestetik, biktimen erdiek baino gehiagok jarri zuten salaketa, 34tik 21ek. Adinari dagokionez, 18 eta 30 urte bitarte zituzten gehienek; jatorriari dagokionez, nahiko parekatuta daude Euskal Herrian, Espainiako Estatuan zein beste herrialde batzuetan jaiotakoen kopuruak.

Beizama eta Errezil

Beizama, Errezil, Bidania-Goiatz eta Albiztur udalerrietako Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatean indarkeria matxista jasandako hiru pertsona artatu dituzte 2024. urtea hasi denetik: 20-35 urte artekoak dira hiru emakumeak. Ez dute indarkeria motaren xehetasunik eman, ezta bestelako informaziorik ere. Joan den azaroaren 13an, Saiazek deituta, Bidania-Goiazko liburutegian bilera irekia egin zuten lau herrietako udaletako eta eragileetako ordezkariek nahiz hainbat herritarrek, eta bilera horretan indarkeria matxistaren kontrako protokoloaren nondik norakoen eta Saiazen artatutako kasuen inguruan hitz egin zuten, Elena Rikondo Saiazeko teknikariaren esanetan. "Hainbat gairi buruz hitz egin genuen. Besteak beste, herrietako festa batzordeak berritutakoan protokoloa lantzeaz edota herrietako hainbat egoeraz", jakinarazi dute. Iaz, epe berean, bi kasu artatu zituzten mankomunitateko udalerrietan, eta orduan ere ez zuten zehaztu zer indarkeria mota jasan zuten emakume horiek.

Getaria

Azarora bitarte hiru indarkeria kasu artatu dituzte Getariako Gizarte Zerbitzuetan. Biktimetako bat adin txikikoa da, eta beste bi emakumeak 20-35 urte bitartekoak dira. Indarkeria mota ere zehaztu dute: bi kasutan tratu txar fisikoak eta psikologikoak egon dira, eta hirugarrena sexu erasoa izan da. Jatorriari dagokionez, berriz, hiru emakumeak atzerritarrak dira. Hiru kasuetatik bitan salaketa jarri dutela jakinarazi du udalak. 2023ari dagokionez, bi kasu artatu zituzten herrian, biak indarkeria fisikoa jasan zutela salatu ondoren. Aipatzekoa izan daiteke 2022ko datua, orduan zazpi kasu zenbatu baitzituen Ertzaintzak herrian.

Orio

Orion hamasei indarkeria matxista kasuren berri izan dute udaleko Gizarte Zerbitzuek. Horietatik zazpi kasutan salaketa jarri dute, eta urruntze aginduak ezarri dizkiete bi erasotzaileri. Hamasei emakume horiei beren kargu dauden 22 seme-alaba gehitu behar zaizkie; hala jaso ditu datuak Orioko Udalak. Indarkeria mota zehazterakoan, emakumeak eta haurrak hartu dituzte kontuan; hau da, 38 pertsona. Horietatik, 29k indarkeria psikologikoa jasan dute, seik indarkeria fisikoa, hiruk bortxaketa; eta neurri txikiagoan, bestelako indarkeria mota batzuk ere egon dira, tartean sexu organoen hiru mutilazio, horietako bat burutu ez zuten arren.

Artatutako emakume eta seme-alaba gehienak Espainiako Estatukoak dira, 38tik 25. Adinari dagokionez, 41-50 urte arteko emakumeak dira indarkeria jasan dutenetatik erdiak, hamaseitik zortzi. Biktimen eta erasotzaileen arteko harremanari dagokionez, kasu gehienetan bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira erasotzaileak, baina badaude ezagunak (bi kasu), ezezagunak (bi kasu) eta maitaleak ere (kasu bat) tartean. Iaz antzeko kasu kopurua artatu zuten Orion; 32 guztira, biktimak eta haien seme-alabak kontuan hartuta.

Zarautz

Zarauzko Udalak ez du aurtengo daturik eman, iazkoak baizik, eta horietan Gizarte Zerbitzuetan nahiz Ertzaintzan jasotakoak batu dituzte. Guztira 67 indarkeria matxista kasu artatu zituzten 2023an, eta zehaztu dute horietatik 27 tratu txar fisikoak izan zirela, 30 psikologikoak, sei sexualak, hiru ekonomikoak, eta bat tratu txar fisiko eta sexuala. Denera, 29 salaketa jarri zituzten. Datu orokorrak 2022koen oso antzekoak dira, orduan 66 kasu artatu zituztelako. Aurreko urteetatik, ordea, gorakada nabari da, 2019tik 2022ra arte urteko 40 kasuren bueltan zebiltzalako.

Jatorriari dagokionez, erasoa jasan duten emakume gehienak Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak dira, %73,02. Erasotzaileei dagokienez, berriz, %52 dira jatorri hori dutenak.

Zestoa

Zestoan bi indarkeria matxista kasu atzeman dituzte aurten orain arte –iaz, sei–; batean indarkeria psikologikoa jasan du emakumeak, eta bestean fisikoa zein psikologikoa. Bietako batek jarri du salaketa. Bertako jatorria dute erasotuetako eta erasotzaileetako batek, eta atzerrikoa, besteek. Harreman motari dagokionez, bikote harremanaren barruan gertatu da erasoetako bat, eta bikotekide ohiaren erasoa izan da bestea.

Erasotuen eta erasotzaileen adin tarteak ere jakinarazi dituzte: biktimetako bat 25-35 urte artekoa da, eta bestea 46-55 artekoa; erasotzaileak, berriz, 36-45 eta 46-55 urte artekoak dira.

Zumaia

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hamasei indarkeria matxista kasu atzeman dituzte aurten, eta Emakumeen Etxeak, berriz, beste bederatzi emakumeri eman die laguntza. Denera 25 kasu artatu dituzte, beraz, orain arte, eta gutxi izan dira salaketa jarri dutenak: hiru. Indarkeria jasan duten emakumeak 17 eta 82 urte artekoak izan dira. Bederatzi kasutan adin txikiko seme-alabak daude tartean, eta horiek ere indarkeriaren biktima zuzenak direla gogorarazi du udalak. Kasuen %87an erasotzailea oso gertukoa izan da: ezkontidea, bikotekidea, ezkontide ohia edo bikotekide ohia. Indarkeria motari dagokionez, fisikoa jasan dute sei emakumek, sexuala bik, eta guztiek jasan dute indarkeria psikologikoa. Iaztik asko hazi da kasu kopurua, 2023an 11 indarkeria kasuren berri izan zutelako udal zerbitzuek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide