Gau Beltza ospatuko dute bihar Aian eta Orion, urriko azken egunean. Hainbat ekintza dituzte prest bi herri horietan –hemen ikusgai Aiako egitaraua, eta hemen, Orioko egitaraua–. Besteak beste, Aian hirugarrenez irekiko ditu ateak beldurrezko etxeak. Eskola zaharrean prestatzen dute zirkuitua, eta ideia nondik eta zertarako sortu zen kontatu dio Gukari Laurentxi Iturain aiarrak: "Nerabeentzat ez zegoen ezer aproposik egun horretan, eta horregatik pentsatu genuen beldurrezko etxearena egitea".
Bururatu, egin, eta baita arrakasta eskuratu ere. Aurten hirugarrengoz egingo dute, eta "beste urteetako ilara luzeak saihesteko", txartelak banatuko dizkiete zirkuitua egin nahi duten herritarrei, ordu zehatzarekin. "Eguraldi onarekin etxe kanpoan itxoitea tira, baina txarra egiten badu, ez da erosoa", arrazoitu du Iturainek. Txartelak frontoian banatuko dituzte, ipuin kontaketa saioa amaitutakoan. LH6ra arteko haur eta gaztetxoek 21:00etatik 22:15era bisitatu ahalko dute etxea, lauko taldeetan gehienez. Gainontzekoek, berriz, 22:30etik 00:00ra arte, bakarka edo binaka.
Iturainek azaldu du iazko saiotik aldaketak egin dituztela, eta beraz, bisita errepikatzen dutenek beste ezusteko batzuk biziko dituztela aurten (albiste honetako bideoa duela bi urtekoa da). Hori bai, ekintza prestatzen duen herritar taldeak "hasieratik argi" eduki du itxura amerikarrik ez ziotela emango etxeari. "Gure zirkuitua herrikoia da, hemengo jantziak eta pertsonaiak erabiltzen ditugu". Iaz hamalau lagunek antolatu zuten beldurrezko etxea, eta aurten 11 ari dira lanketa egiten duela hilabete ingurutik. Etxea prestatzeaz gain, beraiek ere mozorrotzen dira, herritarrei sustoak emateko gogotsu. "Egunez dena prestatzen dugunean ez du beldurrik ematen, baina gauez beste gauza bat da, eta gaztetxo batek baino gehiagok alde egin izan du korrika!", gogoratu du Iturainek.
(Bideoa: Laupauso)