Aia

Pagoeta parkearen eguna ospatuko dute lehenengo aldiz

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 29a, 10:00

Iturraranerako bidea oinez egingo dute parte hartzaileek. (Guka)

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, Aiako Udalarekin batera, eta, ekainaren 8an bilduko dira naturgunean.

Pagoetako natur parkearen eguna antolatu du lehenbizikoz Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak. Ekainaren 8an ospatuko dute, eta horren bidez, aldundiak eta ekitaldiak antolatzeko lankidetzan aritu diren Aiako Udalak eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak Pagoetako natur parkearen garrantzia aitortu nahi dute, "hango landarediak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisialdiko aukerek gipuzkoarrei egiten dieten ekarpena gorestuz".

Pagoeta 1998an izendatu zuten natur parke, eta aldundiak ohar bidez nabarmendu duenez, «natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, parkea aisialdirako leku ezinbestekoa ere bada gipuzkoar askorentzat egun».

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dutenez, asmoa ez da parke naturalera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, ezta erromeria antolatzea ere, "natur parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea, baizik".

Pagoeta parkearen eguna ospatzeko aukeratutako data ere ez dela halabeharrezkoa nabarmendu du aldundiak. Izan ere, oharrean jaso duenez, Europa mailako maiatzeko bi ospakizun aintzat hartu dituzte eguna zehazteko orduan: maiatzaren 21ean, Natura 2000 eguna izan zen, eta handik gutxira, maiatzaren 24an, Europako natur parkeen eguna ospatu zuten Europako Batasun osoan.

Aiatik oinez

Ospakizunean parte hartu nahi dutenak Aiako plazan elkartuko dira ekainaren 8ko 09:00etan, eta oinez abiatuko dira Iturraranera. Bi orduko bidea egingo dute oinez, eta parte hartzeko komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. "Ume txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia. Bestalde, txakurra eramanez gero, lotuta eraman beharko da eta autobusean ezingo da igo". Bidean zehar, hagin populazioa handitzeko eta basoa naturalizatzeko egiten ari diren lanei buruzko azalpenak emango dituzte.

Iturraran gainera ailegatutakoan, han izango den pottoka taldea bertatik bertara ikusteko aukera izango da, eta aditu batek natur parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die partaideei, baita nola zaintzen eta ustiatzen duten ere.

Ondoren, basozain batek Basabizin –aldundiak Gipuzkoako basa fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroa– artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, aipatu zentroaren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaz azalpenak emango dizkie basozainak bertaratuko direnei.

Jarraian, palankarien erakustaldia izango da; burdinezko barra bat ahalik eta urrutien jaurtitzean datza jokoa. Hori bukatutakoan, musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus taldeko soka lauko-boskote batek Liliak - Bachen bidaia Karibera emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman beharko du etxetik. Ondoren, ekitaldien amaieran, 13:30ean eta 14:00etan, parte hartzaileak etxera bueltatzeko autobusak izango dira Iturraranetik.

Aldundiak nabarmendu duenez, egun horretan ezingo da baimenik gabe autoz Iturraranera gerturatu, eta bertako, Lukungo eta Ibarrolako aparkalekuak itxiko dituzte. Iturraranera bertaratzeko autobusak jarriko ditu aldundiak Oriotik; autobusak Txurrukatik, eta trenez iristen direnentzat, Aitzondoko bidegurutzetik aterako dira. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea iturraran@gipuzkoanatura.eus posta elektronikora idatzita edo 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide