Bizikleta astearen barruan hainbat ekintza antolatu dituzte. Gaur, esaterako, Mundua Bizikletaz Asian hitzaldia izango da. Bihar, Aiako eskolan bizikleta eguna egingo dute. Honen harira, pare bat ekintza antolatu dituzte: Tandemean Hegoameriketatik barrena ikus-entzunezkoaren proiekzioa eta Faustinarekin Munduratuz antzezlana.
Bizikleta berean pedalei eragiten
Enekok lau urte zeramatzan bizikletan, bakarrik, munduari bira ematen. Brasilen zebilela, Miyuki ezagutu zuen. Bakoitzak ordura arte zuen bizitza eta planak utzi, eta elkarrekin Euskal Herrira etorri ziren. Bi urtera, abentura berri bati heldu nahi izan zioten eta tandem batean Hegoamerika aldenik alde zeharkatzeari ekin zioten. Ushuaiatik Caracaseraino. 15.000 kilometro.
Miyuki haurdun gelditu zen Caracasen zeudela, hortaz, Euskal Herrira itzuli ziren. Bidaiako argazki eta bideoak ikusi zituzten etxean, behin eta berriz, eta hautaketa bat egin ondoren, 45 minutuko ikus-entzunezkoa osatu zuten. Bertan ikusi daitezke Patagonia haizetsu eta hotza, Brasilgo hondartza bakartiak, Amazoniako oihan hezea... Baina, parajeak ez ezik, toki bakoitzeko kultura eta herritarrek ere badute presentzia.
Faustinarekin mundua ezagutzeko aukera
Eneko Etxeberria da protagonista, baita gidoilaria ere Javier Fernandezekin batera. Bingen Mendizabalek musikatutako antzezlana prestatu dute, hezitzailea eta umoretsua. Txirrinduan munduari bira ematen dio protagonistak, baina, oraingo honetan, antzeztu egiten du hori.
Arestian aipatu bezala, bera lau urtez ibili zen munduari bira ematen, eta antzerkia esperientzia horretan oinarritzen da. 46.000 kilometrotan 32 herrialde bisitatu zituen, eta horietan bizitakoa kontatuko die eskolako haurrei bihar Enekok.Taula gainean ez da bera bakarrik egongo, txirrindua ere izango du, Faustina deiturikoa.