Azaroaren 11ko greba orokorra

Biharko greba orokorra dela-eta itxita egongo dira hainbat udal zerbitzu Orion

Julene Sorarrain

Azaroaren 11ko greba orokorraren kartela. (Maialen Etxaniz)

Udal langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta ondorioz, itxita egongo dira udaletxea, musika eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa. Kiroldegia eta Saregile ere ez dira zabalduko. Aiako eta Orioko ikastetxeek ere bat egin dute deialdiarekin, eta horiek ere gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu dute biharko, hilak 11, etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko.

Orioko udal langileek bat egin dute deialdiarekin, eta, beraz, udal zerbitzuak itxita egongo dira egun osoan zehar. Zehazki udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa itxiko dituzte. Karela kiroldegia eta Saregile emakumeen etxea ere itxita egongo dira. Aiako udal bulegoetan, berriz, erregistro zerbitzua bakarrik eskainiko dute.

Gainera, Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta Herri Eskolak eta Aiako Lardizabal Herri Eskolak deialdiarekin bat egingo dute, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

Greba orokorrak Euskotrenen zerbitzuetan ere eragina izango du, esaterako, trenbidean eta Lurraldebusentzat dituen autobus zerbitzuetan, eta jakitera eman duenez, %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin dute, eta hemen kontsulta daitezke ordutegiak.

Deialdiak

Eguerdi partean hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, eta horietara joateko dei egin diete herritarrei; Donostiakoa 12:30ean hasiko da Pio XII plazatik. Arratsaldean, berriz, eskualdea bera bihurtuko da aldarrien plaza. Manifestazioak egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, denetan ere 18:00etan plazatik hasita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide