Basoen abandonuari aurre egiteko jabeen aliatu berria

Julene Sorarrain

Joxemari Lizarralde aiarra, Basotik fundazioaren esku utzi dituen lurrak seinalatzen. (Onintza Lete Arrieta)

Euskal paisaian betidanik nabarmendu dira belardi zabalak eta baso sakonak. Askotan, belaunaldi osoak egon dira lur horien atzean, eta haiek arduratu dira paisaia horrek loratzen jarrai dezan. Dena dela, eremu horiek eskatzen duten lana zama handia bihur daiteke. Basotik fundazioak lur eremu horien kudeaketa integrala egiten laguntzen du, eta Maider Atorrasagasti eta Joxemari Lizarralde aiarrei eta beste hainbat lurjaberi "behar-beharrezkoa" zuten irtenbide bat eskaini die. Urriko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa. 

Basotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an basoen kudeaketa iraunkorra bermatzeko eta haien abandonua geldiarazteko helburuarekin sortutako fundazio publikoa da. Zerbitzu horren bitartez, baso jabeei aukera ematen zaie beren basoen kudeaketa integrala lagatzeko, lana modu profesional, iraunkor eta irizpide tekniko zein ingurumen irizpide zorrotzekin gauzatuko dela bermatuz.

Horrez gain, fundazioak lurraldeko baso ondarea zaintzen du, eta gizarteari basoek eskaintzen dizkioten onurak mantentzen laguntzen du: klima aldaketaren aurkako borroka, biodibertsitatearen babesa, ura eta lurzorua erregulatzea, eta paisaia eta pertsonen ongizatea hobetzea.

Urola Kosta eskualdean, 36 dira fundazioarekin kontratuak sinatuta dituzten partaideak, eta, eskualdean, guztira, 423,98 hektarea daude orain Basotiken kudeaketaren esku. Maider Atorrasagasti eta haren senar Koldo Lizarralde aiarrak dira partaide horietako bi, eta, gutxi gorabehera, 11 hektarea utzi dituzte Basotiken esku. "Bost bat hektareatan pinuak genituen landatuta, eta gainontzeko lurrak hutsik zeuden, zikinkeriaz beteta. Duela hiru urte inguru eman genizkion gure lurrak Basotiki. Lehenengoetakoak izan ginen gure lurrak fundazioaren esku uzten", kontatu du Atorrasagastik.

Maider Atorrasagasti, duela gutxi bere lurretan landatutako pinu baten alboan. (Onintza Lete Arrieta)

Zergatik utzi, ordea, lur batzuk erakunde baten esku? Bada, Atorrasagastirentzat "sekulako lana" zen lur horiek kudeatzea, eta ezin zioten aurre egin ez landaketen gastuei, ezta horretarako behar zen jakintzari ere. "Nire senarra eta ni kalekume batzuk gara, eta ez geneukan ideiarik nola edo zer egin behar zen lur horiekin; ez geneukan ez denborarik, ezta gogorik ere. Beraz, Basotik guretzat konponbide bat izan zen. Izan ere, arazo bat genuen eskuartean, eta gainetik kendu genuen", kontatu du aiarrak.

Lurrak bikotearenak izaten jarraitzen dute, baina "erraztasun handia" eman die fundazioak, baita "lasaitasuna" ere. "Urtean ordainketa bat egiten dizute; diru asko ez duzu jasotzen, baina hori ere ongietorria da. Eta hemendik urte batzuetara pinuak landatzen badituzte, irabazien erdia guretzat izango da, edo agian gure seme-alabentzat".

Hain zuzen ere, pinuek 50 urte betetzen dituztenean, egurra saltzeko modukoa bilakatzen da. "Gure pinuek dagoeneko adin bat zuten, baina gaixorik zeuden; hortaz, bota egin behar ziren. Tolosan (Gipuzkoa) egoitza duen Gipuzkoako Baso Elkartean geunden sartuta hasiera batean. Hara joaten zara, urtean kuota bat ordaintzen duzu, eta aholkuak ematen dizkizute zure lurrekin zer egin jakiteko. Guri, adibidez, tasazio bat egin ziguten, etxea saldu behar duzunean egiten denaren antzekoa".

Arazo bati konponbide bat eman nahian

Ondoren, tasazio horrekin, egurra erosi edo pinudiak botako dituenaren bila joan behar da. "Guk geuk bota genituen pinuak, eta diru kopuru bat jaso genuen. Baina baserria berritu behar genuen, eta, gainera, pinuak berriro landatu behar genituen. Pinuak landatu ahal izateko behar genuen diru kopurua, gutxi gorabehera, irabazi genuenaren parekoa zen. Hortaz, ezin genion horri aurre egin: alde batetik, baserriko obra egin behar genuelako, eta, bestetik, pinuak landatu behar genituelako. Dena batera gertatu zen. Orduantxe hasi ginen Basotiken publizitatea jasotzen, eta guri, egia esan, oso ondo etorri zitzaigun momentu hartan. Arazo bat zena, soluzio bilakatu zen".

"Ez geneukan ideiarik nola edo zer egin behar zen lur horiekin; ez geneukan ez denborarik, ezta gogorik ere"
Maider Atorrasagasti

Joxemari Lizarralde aiarrak ere, Atorrasagastiren antzera, bere lurrak kudeatzeko zailtasunak zituen. Bada, bere lehengusuaren bitartez, Basotiken berri izan zuen, eta, geroztik, fundazioaren esku utzi ditu lau hektarea harizti eta hiru hektarea pinudi.

"1985ean soldaduskatik itzuli nintzenean, ukuilua jarri genuen behiekin, eta baserrian geratu nintzen. Orduan, pinuak kendu eta zelaia utzi genuen. Orain, ordea, ez dudanez nire erreleboa hartuko duen inor, Basotiken esku uztea erabaki dugu. Gure asmoa lurra txukun edukitzea da; bestela, sasiak hartzen du, eta eremua zaintzea lan handia da. Nik neuk egin beharko banu, sekulako inbertsioa izango litzateke. Horregatik, terrenoa txukun mantentzeko irtenbide egokia iruditu zitzaigun", azaldu du.

Basotiken zerbitzuarekin "gustura" dagoela nabarmendu du Lizarraldek, "baldintza onak" baitituzte: "Guk, batik bat, lurrak mantentzeko nahi genuen haien laguntza". Izan ere, Lizarraldek azaldu duen moduan, jubilatu asko dago lurrekin, baina erreleboa hartuko duen inor gabe. Lurrak zikin eta zaindu gabe badaude, gainera, suteak gertatzeko arrisku handiagoa dagoela azaldu du Lizarraldek. "Horregatik, guretzat, lurra txukun eta zainduta edukitzeko modu egokia da hau".

Nola funtzionatzen du fundazioak?

Atorrasagastik eta Lizarraldek bat egiten dute gauza batean, eta da askok oso idealizatuta dutela baserriko bizimodua. Izan ere, herriguneetatik urrun bizitzeak erakargarria badirudi ere, lurrak txukun mantentzeak dakarren lana ez da batere erraza. Hor sartzen da, hain justu ere, Basotiken parte hartzea.

Herritar batek haren lurrak Basotik fundazioak kudeatzea nahiko balu, prozesua "oso erraza" dela azaldu du Basotiken kudeatzaile Jon Ander Ostolazak. Hain zuzen ere, baso jabeak fundazioarekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar. Hortik aurrera, Basotik arduratzen da prozesua gidatzeaz. "Lehenik, basoari buruzko oinarrizko informazioa jasotzen dugu: jabetzari buruzko dokumentazioa, kokapena, azalera, mugak eta interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa. Ondoren, gure talde teknikoa basora joaten da, lursaila bertatik bertara ezagutu eta haren egoeraren diagnostikoa egiteko", azaldu du Ostolazak.

"Basotikekin elkartu ginen, gure lurrak txukun mantentzeko irtenbidea zela irudituta"
Joxemari Lizarralde

Informazio horrekin guztiarekin, Basotikek kudeaketa proposamen bat prestatzen dio jabeari. "Ez dago errezeta bakar bat: baso bakoitzaren ezaugarriak, egungo egoera eta etorkizunerako aukerak aztertzen ditugu. Espezieak aukeratzeko garaian ere hainbat irizpide tekniko hartzen ditugu kontuan, baita HAZIk garatutako tresna baten emaitzak ere; tresna horrek 2.000 parametro inguru aztertzen ditu, hala nola lurzoruaren ezaugarriak, kokapena, malda edo azidotasuna", nabarmendu du Ostolazak. Proposamena jabeari aurkeztu eta hark onartzen badu, kontratua sinatzen da. Une horretatik aurrera, fundazioa basoaren kudeaketaz eta zaintzaz arduratzen da epe luzera, betiere jabearekin harremanetan eta adostutako irizpideen arabera.

Zein da, ordea, Basotik fundazioak herritarrei edota erabiltzaileei eskainiko dion zerbitzua? "Esan genezake baso jabeari baso kudeaketa jasangarriko zerbitzu integral bat eskaintzen diogula. Jabeak lurraren jabetza mantentzen du, noski, baina Basotik arduratzen da eguneroko kudeaketak eskatzen duen lan tekniko eta administratiboaz: basoaren egoera aztertzea, egin beharreko lanak planifikatzea, enpresak eta profesionalak kontratatzea, lan horien jarraipena egitea eta dagozkien ordainketak kudeatzea, besteak beste", azaldu du Ostolazak.

Nolabait esateko, Basotik baso horren "zaintzaile" bihurtzen da. Eta hori bereziki garrantzitsua da epe luzera begira: "Gure helburua ez da une jakin batean jarduketa bat egitea, baizik eta basoak behar duen jarraipena eta kudeaketa denboran bermatzea. Jabearentzat, beraz, Basotik bezalako fundazio baten ezagutza teknikoa eta kudeaketa gaitasuna bere basoaren zerbitzura jartzea da. Basoak berea izaten jarraitzen du, baina ez du kudeaketaren ardura guztia bakarrik bere gain hartu behar".

Joxemari Lizarralde. (Onintza Lete Arrieta)

Aldundiak 2022an sortu zuen zerbitzua, eta geroztik, "harrera oso ona" izan duela iritzi dio Ostolazak. "900 familia baino gehiagok agertu dute Basotiken proposamena jasotzeko interesa". Dagoeneko 200 kontratu baino gehiago sinatu dituzte, eta beste 100 proposamen inguru "erantzunaren zain" dituzte. Gainera, jasotzen dituzten erantzunen artean, %80 inguruk baiezkoa ematen dutela adierazi du Ostolazak. "Datu horiek erakusten dute Gipuzkoan bazegoela horrelako tresna baten beharra".

Zainduta eta kudeatuta

2024 urtearen hasieran, kudeaketa jarduera martxan jartzearekin batera, informazio bilerak antolatu zituzten Gipuzkoako eskualde guztietan, eta orotara, 1.800 pertsona hurbildu ziren Basotik zer zen eta zer proposatzen zuen ezagutzera. "Bilera horien helburua oso praktikoa zen: fundazioa aurkeztea, gure kudeaketa eredua azaltzea eta baso jabeek izan zitzaketen zalantzak zuzenean erantzutea. Azken batean, Basotiken esku uzten ari direna askotan familiak hamarkadetan zaindu duen ondarea da, eta normala da jabeek zehaztasunez jakin nahi izatea zer egingo den, nola egingo den eta zer baldintzatan", azaldu du fundazioko kudeatzaileak.

"Basoak epe luzera zainduta jarraituko duela bermatzen dugu"
Jon Ander Ostolaza

Jon Ander Ostolaza, Basotik fundazioaren kudeatzailea. (Utzitakoa)

Baso jabeekin hitz egitean, lasaitasuna "behin eta berriz" agertzen den hitza dela dio Ostolazak, eta hori ulertzeko, Basotikera hurbiltzen diren pertsonen egoera ezagutu behar dela dio. "Batetik, badira urte edo hamarkada askoan beren basoa zaindu duten pertsonak, baina ikusten dutenak etorkizunean beraiek edo hurrengo belaunaldiek ezingo dutela lan horrekin modu berean jarraitu. Askotan basoarekiko eta familiaren historiarekiko lotura emozional handia dago. Lasaitasuna ematen die jakiteak baso horrek zainduta eta kudeatuta jarraituko duela".

Bestetik, badaude baso baten jabe bihurtu diren pertsonak, adibidez herentzia baten ondorioz, baina baso kudeaketarekin inolako harremanik izan ez dutenak. "Ez dakite zer egin behar duten, nori deitu edo zein erabaki hartu. Kasu horietan, baso baten jabe izatea ondare bat izatetik buruhauste bihurtzera pasa daiteke. Aldi berean, ez dute izan nahi belaunaldiz belaunaldi zaindutako baso hori alde batera uzten duten familiako azken katebegia", gaineratu du Ostolazak. Basotikek bi egoera horiei erantzuten die: jabetza mantenduz, basoak epe luzera kudeatuta eta zainduta jarraituko duela bermatzeko aukera eskaintzen du.

Gainera, hori guztia "gero eta konplexuagoa den testuinguru batean" gertatzen ari dela azpimarratu du Ostolazak. Izan ere, klima aldaketarekin batera, basoetako suteek, gaixotasunek, izurriteek edo muturreko fenomenoek sortzen dituzten arriskuak gero eta presenteago daude. "Horren aurrean, basoa aktiboki eta profesionalki kudeatuta edukitzeak balio berezia hartzen du. Azken batean, Basotiken helburua ez da soilik basoak kudeatzea: baso jabeei laguntzea da, beren ondarea zainduta dagoela jakiteko lasaitasuna izan dezaten". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide