Erreportajeak Azaroaren 11ko greba orokorra

Etxebizitza: non dago giltza?

Maialen Etxaniz

Greba orokorra deitu dute etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak azaroaren 11rako. Etxebizitzara sarbidea bermatzeko eta etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko eskatuko dute. Urolako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Eneko Larrañaga eta Klara Lazkanoren, ELA sindikatuko Janire Landaluze eta Amagoia Lasagabasterren nahiz LAB sindikatuko Andoni Murgaren adierazpenak jaso ditu Gukak erreportaje honetan. Horrez gain, eskualdeko herrietan zehar kale inkesta egin du, jendearen iritziak jasotzeko.

Ezinegona eta haserrea eragin ditu etxebizitzaren auziak gizartean, eta azken asteetan sarri entzuten dira etxebizitzaren inguruko kontuak eskualdeko herrietan. Azkoitiko adindun emakume kuadrilla batek aitortu du haien belaunaldiak ez duela izan etxe bat eskuratzeko arazorik, baina kezkaz ikusten dutela gaur egungo egoera. Orioko denda bateko arrain saltzaileak uste du gazteek gurasoen etxetik alde egiteko aukera gutxi dituztela, eta pisu turistikoen kontra agertu da. Zumaiako gizon-emakume pareak aitortu du egoerari aterabidea ematea "oso zaila" dela, eta prezioak mugatzeak ez duela soluzioa ekarriko; etxeak falta direla dio batek, eta besteak, kontrolatu egin behar direla etxebizitzarekin negozioa egiten dutenak. Zarauzko bizilagunek gehiegizko prezioak salatu dituzte, Espainiako Estatu osoko metro koadro garestiena duen herria baita haiena. Azpeitiko gazte batek dio ezin duela ulertu jende arruntak etxe baterako sarbidea bermatu ezin izana, oinarrizko eskubidea behar lukeenean; haren aburuz, prezioak mugatzean dago gakoa. Gukak kalean jasoako adierazpenetako batzuk dira horiek, eta iritzia eman duten herritar guztiek baieztatu dute azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egingo dutela. 

Urrian, Madrilen piztutako sua Euskal Herrira iritsi zen. Mari Carmen Abascal 87 urteko emakumearen etxegabetzeak arrabotsa sortu zuen Madrilen, eta egoera hark bultzatuta, etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia abiatu zuten Sol plazan, gerora estatu osora hedatuko zena. Euskal Herrira ez zen marea hura iritsi, baina geroko mugimenduek aldatu zuten testuingurua. Gizarte mobilizazioa probestuta eta Maricarmen dekretua aitzakia hartuta, greba orokorrera deitu zuen Maizterren Sindikatuak hil honen 11rako. Hamalau urte dira Espainian greba orokorrik egiten ez dela. Greba deialdi horrek eztabaida ekarri zuen Hego Euskal Herrira, eta sindikatuek askotariko iritziak mahaigaineratu ostean, azkenean, azaroaren 11n, greba deialdi bateratua egingo dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak nahiz Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Aldarri batek batu ditu: Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!. Urola Kostako eragileetako ordezkariak grebarako prestaketetan dabiltza, grinatsu. 

Aspaldiko auzia

ELA, LAB eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek uste dute etxebizitzaren arazoa ez dela berria, nahiz eta azken hilabeteetan lehertu den. Bakoitzak testuinguruaren irakurketa propioa dauka, baina denek aipatu dituzte langile klasearen pobretzea eta bizitzaren garestitzea. ELA sindikatuko kideak dira Janire Landaluze eta Amagoia Lasagabaster. Haiek nabarmendu dute ezinbesteko ikusi dutela greba Euskal Herriko errealitatera hurbiltzea: "Uste dugu pobretze eta prekarietate fase betean gaudela eta etxebizitzaren auzia fase horretako gakoetako beste elementu bat dela. 1999tik hamahiru greba deitu ditugu Euskal Herrian gai sozialei lotuta, eta etxebizitzaren gaiarekin oso interpelatuak sentitu gara", dio Lasagabasterrek. Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen irakurketa erabat elkarbanatzen dutela gaineratu du: "Aspalditik ari gara etxebizitza sindikatu autonomoekin gure lanketa egiten. Irakurketa erabat konpartitzen dugu. Gaur egun, etxebizitza negozio iturri da, espekulazio iturri da, eta ez da eskubide bat. Langile klasea are eta gehiago pobretzen duen elementu bat da, bereziki emakumeei eta migratuei eragiten diena, eta argi dago gaur egungo legeekin Euskal Herrian ere ez dagoela etxebizitzara sarbidea bermatzerik". 

Urola Kostako LAB sindikatuko ordezkaria da Andoni Murga, eta haren hitzetan, "langileen prekarizazioa nagusitzen ari den testuinguru batean" dator etxebizitzaren aldeko greba, "langileak gero eta pobreago diren eta pribilegiatuen, patronalaren eta errentetatik bizi direnen etekinak gero eta gehiago handitzen ari diren testuinguruan". LABek uste du uneotan "Euskal Herrian, Euskal Herritik eta Euskal Herrira, baldintza subjektibo eta objektibo nabarmenak daudela egoerari erantzuteko eta gehiengo sozialaren aldeko politikak egiteko". 

Errudunak eta konplizeak

Urolako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak dira Eneko Larrañaga eta Klara Lazkano, eta haiek uste dute etxebizitzarena "egiturazko auzia" dela. "Arazoaren erantzuleak seinalatzea eta haien ardura azpimarratzea" da egin beharreko gutxienekoa bientzat: "Besteak beste, eraikuntza enpresak, higiezinen enpresak, promotoreak, lur jabeak, horiek sostengatzen dituzten bankuak, eta haien jarduna zein etxegabetzeak ahalbidetzen dituzten administrazio, alderdi eta erakunde publikoak, den-denak". Horregatik aldarrikatu dute grebaren izaera independentea.

Euskal Herriko markoan egin dute azpimarra ELAkoek: "Aipatu behar da olatu hau Madrildik etorri dela eta ematen duela gure gainetik pasatzeko etorri dela. Baina guk argi utzi nahi dugu ahalegin bat egin dugula Hego Euskal Herrian marko propio bat eraikitzeko, aldarrikapen propioak egiteko eta, nolabait, Madrildik datozen interes politiko batzuk saihesteko". Era berean, Euskal Herriko erakundeak jarri dituzte jopuntuan nagusiki: "Hemen Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak dauzkagu. Horiek eskumenak dituzte etxebizitza gaietan. Esparru askotan egiten dena baino gehiago egin daiteke, eta interpelazio zuzena bideratzen diegu Eusko Jaurlaritzan azkeneko 30 urteetan egon diren EAJri eta PSE-EEri. Beraiek aplikatu dituzte gaur egun ditugun politikak. Alderdi politiko batzuek gaur egun indarrean dagoen Etxebizitza Legea sinatu zuten, betetzen ez den lege bat da; eta etxebizitzaren eskubide subjektiboa, bermatzen ez den eskubide bat".

LABek ere gogor jo du agintean dauden alderdien eta patronalaren kontra: "Gure ustez, egiturazko neurriak hartzea derrigorrezkoa da, ez partxe txikiak jartzea, neurri zorrotzak hartzea baizik. Derrigorrezkoa iruditzen zaigu gure instituzioek, batez ere Gasteizko eta Nafarroako gobernuek, etxebizitzaren nahiz soldaten auzian gehiengo sozialaren eta langilearen aldeko neurriak hartzea. Horregatik, zuzenean interpelatzen ditugu gobernu horiek; patronalaren aldeko eta errentetatik bizi direnen aldeko neurriak hartzen ari dira".

Eskualdearen argazkia

Lan sindikatuek ez bezala, etxebizitza sindikatuek etxebizitzarena dute lan ildo nagusi, eta eskualdean hainbat urte daramatzate lanean. Lazkano Urola Kostako sindikatuan dabil, eta Larrañaga Urola Erdikoan. Azaldu dutenez, "aurpegi asko eta desberdinak" ditu auziak eskualdean. Lazkanok kostako herrietako prezio altuak, denboraldi laburreko kontratuak eta etxe hutsen kopurua nabarmendu ditu: "Penintsulako metro koadro garestiena Zarautzek dauka, 7.000 euro ingurukoa, baina gainontzeko herrietan ere egoera tankerakoa da. Gainera, kostako herrietan nabarmen areagotu dira pisu turistikoak. Era berean, gero eta ohikoagoa da sasoiko kontratuak topatzea, horietatik asko, iruzurrezkoak". Horrelako hainbat kasu landu dituztela kontatu du Lazkanok: "Eduki ditugu zenbait kasu, uda garaia heltzean maizterrei kontratua eten eta kalera bota dituztenenak. Horren atzean badakigu zer dagoen: turistei alokatzea, diru gehiago irabazteko". Etxe gehiago eraikitzeak prezioen jaitsieran eraginik ez daukala ere nabarmendu du: "Erakundeek aipatzen dute etxeak eraikitzea izan daitekeela aterabidea, baina Zarautzen ikusi dugu, Salberdingo eta Iñurritzako etxebizitzak eraikita ere, prezioek beldurgarriak izaten jarraitzen dutela".

Urola Erdian bestelakoa da egoera, turismoak ez baitu eragin zuzenik oraingoz. Larrañagak merkatu libreko nahiz sustapen publikoko etxebizitzen prezioen igoeran jarri du arreta, eta nabarmendu du Urola Erdian badutela eragina errentetatik irabazi handiak ateratzen dituzten norbanakoek. "Gure herriak ezin dira kostakoekin parekatu, baina hemen ere prezioak ikaragarri igo dira, alokairuenak nahiz etxebizitzen salmentenak. Erakundeek babes ofizialeko etxebizitzak proposatzen dizkigute aterabide gisa, baina horiek ere ia eskuraezinak dira sektore handi batentzat. Azpeitiko azken etxebizitza sustapenean, merkeenak 230.000 eurotan atera dituzte, aurreko sustapen publikokoak baino ehun mila euro garestiago. Aldiz, jende arruntaren soldatak ez dira proportzioan hazi". Errentekin probesten direnak ere aipatu ditu: "Urola Erdian asko dira errentetatik irabazi handiak ateratzen dituztenak, hainbat etxe jabetzan eduki eta horietaz ahal beste probesten direnak, gizatasunik gabe. Gainera, jabe horiei administrazio publikoak baliabideak eskaintzen dizkie, hala nola aseguru publikoak, etxeak birgaitzeko diru laguntzak edota zuzenean beren poltsikoetara doazen diru laguntzak, Gaztelagun edo Emantzipa bezalako programen bitartez. Beraz, ikusten da diru publikoa etxejabeen poltsikora doala. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu errentetatik bizitzea desnormalizatzea, eta gutxi batzuen irabazien gainetik denontzako etxebizitza eskuragarriak aldarrikatzea".  Horrez gain, alokairuko logeletan bizi dituzten baldintza eskasak nabarmendu ditu Larrañagak; izan ere, sindikatuaren aburuz, gero eta ohikoagoa da gela bakarrean hainbat pertsona bizitzea. 

Etxegabetze isilak 

Iaz, 1.140 inguru etxegabetze izan ziren Hego Euskal Herrian, eta 2026an dagoeneko 450 inguru gauzatu dira, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera. Urola bailaran ez da etxegabetze sonaturik izan, baina Etxebizitza Sindikatuko kideek nabarmendu dute eskualdean badaudela isilik pasatzen diren etxegabetzeak. "Argitu nahi dugu gure eskualdean etxegabetzeak egon badaudela. Hego Euskal Herrian egunean gutxienez hiru etxegabetze ematen dira, eta gure herriak ez dira egoera horretatik salbatzen. Gero eta gehiago dira egoera zaurgarrian dauden pertsonak eta etxea galtzeko arriskuan daudenak, eta gurean gertatzen direnak etxegabetze isilak dira. Izan ere, modu askotara bota daiteke jendea etxetik: kontratuak ilegalki etenda, alokairua legez kanpo igota eta presionatuta, argia eta gasa kenduta...".

Aterabiderik ba ote? 

Etxebizitzarako eskubideak eta espekulazioarekin amaitzeko aldarriak batu ditu grebaren deitzaileak, baina badituzte harago doazen proposamenak. 

Espekulazioa eta etxegabetzeak debekatzea, 1.500 euroko LGS propioa, etxebizitza banku publikoa, soldatak KPIaren gainetik igotzea, etxebizitza politiketarako inbertsioa handitzea, alokairuen prezioak jaistea, jabeen pribilegio fiskalekin amaitzea eta enpresei etxebizitzak erosteko aukera debekatzea proposatzen du ELAk. LABek, berriz, etxebizitzen parke publikoa handitzea, putre funtsak desjabetzea eta Euskal Herritik kanporatzea, alokairu kontratu mugagabeak onartzea, etxegabetze guztiak gelditzea, sarbide arrakala matxistak eta arrazistak ezabatzeko neurriak hartzea, eta espekulazioa eteteko neurriak hartzea galdegin du. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bere aldetik, deialdiaren oinarrizko hiru printzipioak nabarmendu ditu: espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitzaren negozioarekin amaitzea eta etxebizitzen nahiz oinarrizko bitarteko guztien behar sozialaren araberako planifikazio arrazional eta antolatua.

Gizarte osoari kalera ateratzeko deia egin diete, eta azaroaren 11an mobilizatzeko. Urola Kostako herrietan arratsaldez, 18:00etan hasita, egingo dituzte manifestazioak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide