Azaroaren 11ko greba orokorra

Azaroaren 11ko greba orokorrera deitu dute Urola Kostako ELAko ordezkari sindikalek

Maialen Etxaniz

Urola Kostako ELAko ordezkariak, grebara dei egiten, Azpeitiko plazan.

Urola Kostako ELAko ordezkariek batzarra egin dute gaur goizean azaroaren 11ko greba orokorraren harira. Amaitzean, grebara deitzeko argazki jendetsua atera dute, Etxebizitza denontzat. Euskal Herrian LGS 1.500 lelopean. Era berean, ehun egun greban daramatzaten Itasua IATko langileei elkartasuna adierazteko argazkia atera dute. 

ELA sindikatuko Urola Kostako ordezkari sindikalak Azpeitian elkartu dira gaur, asteartea, azaroaren 11rako deituta dagoen etxebizitzaren aldeko greba orokorrera begirako lanketa egiteko. Aurrena, 10:00etan, bilkura orokorra egin dute Azoka Plazako aretoan, eta ehundik gora sindikalista elkartu dira hitzorduan. Bertan landu dituzte sindikatuak testuinguruaz egiten duen azterketa, aldarriak eta bestelako kontu teknikoak. Ondoren, grebara dei egiteko argazki jendetsua atera dute Azpeitiko plazan Etxebizitza denontzat. Euskal Herrian SMI 1.500  zioen pankarta hartuta. 

Etxebizitza negozio izatetik eskubide izatera pasatzea da ELAren xedea, eta hori lortzera bidean egin beharrekoak izan dituzte hizpide. Halaber, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren gaia mahaigaineratzeko probestu dute hitzordua, baita Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko erakunde politikoek auzi horietan duten ardura azpimarratzeko ere.

ELAk hamar aldarriko zerrenda dauka azaroaren 11ko grebara begira. Honako hauek dira euskal sindikatuaren aldarriak: "Etxebizitza izateko eskubidea bermatu; espekulazioa debekatu; etxegabetzeak debekatu; 1.500 euroko LGS propioa; banku publikoa, bankuen gehiegikeriekin amaitzeko; soldatak KPIren gainetik igotzea; etxebizitza politiketarako inbertsioa handitu; alokairuen prezioak jaitsi; jabeen pribilegio fiskalekin amaitu eta enpresek etxebizitza erostea debekatu".

Itasua IATko langileei elkartasuna

Greba orokorrera begirako batzarra amaitu ostean, ELAko ordezkariek elkartasun argazkia atera dute hiru hilabete greban daramatzaten Zarauzko eta Bergarako Itasua IATko langileekin. Hitzarmena berritzeko galdegin dute ELAko kideek. 

Uztailaz geroztik greba mugagabean dira Zarauzko eta Bergasako Itasua IATko langileak. ELAk sindikatuak salatu zuen greban zegoen langile bat ordezkatzeko beste bat kontratatu zuela enpresak. Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman zion; "arau hauste larritzat" jo zuen Zarauzko lantokian zuzendaritzak egindakoa, eta 30.000 euroko isuna jarri zion enpresari urrian. Orain, ELA sindikatuak ikerketa formala eskatu du Itasua enpresak grebalarien ordez lanean aritzeko kontratatutako pertsonaren prestakuntzari buruz. Sindikatuak egiaztatu nahi du "ea langile horrek ibilgailuen azterketa teknikoak egiteko eskatzen den prestakuntza jaso duen, aurkeztutako ziurtagiriak benetakoak diren eta indarreko araudiak ezarritako gaitasun baldintzak betetzen dituen".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide