Estela Atorrasagasti: "Teknikaz gain, ikuskizuna osatzen duten gauzak ere baloratzen dira orain"

Aiora Arriola

(Utzitakoa)

Estela Atorrasagasti (Orio, 1994) dantza munduari lotuta egon da txikitatik. Hainbat urtez txapelketetan dantzan aritu ondoren, epaile lanetan hasi zen, eta gaur egun Euskal Herriko dantza solte lehietako epaimahaikidea da. Urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Hitz tantak ataleko elkarrizketa da honakoa.

Nolatan hasi zinen dantza epaile lanetan?

Dantza solte txapelketetan bi maila izan ohi dira: txikiena, 16 urtera artekoena; eta helduena, 16 urtetik gorakoena. Urte pila bat igaro nituen txikien mailan lehiatzen, eta helduenean, bi urte-edo. Mundu horretan jarraitu nahi nuen, baina ez nekien nola egin, eta neure buruari zera galdetu nion: "Eta epaile bezala jardunez gero?". Hala, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrekoekin hitz egin nuen, eta praktikak egin nituen.

Prestakuntza behar da, beraz.

Bai, prestakuntza behar da, batez ere nola puntuatu ikasteko, eta gero, praktikaldi moduko bat egiten da. Epaimahaikide aritu nintzen lehen bizpahiru txapelketetan ez zuten kontuan hartu nire puntuazioa; zentzuz puntuatzen nuela ziurtatu zutenean hasi nintzen epaile lanetan.

Zer-nolakoa izaten da epailearen lana txapelketan?

Azken urteetan, pixka bat aldatu da dinamika. Lehen, bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatzen zituen, eta kito. Orain, ikuskizuna osatzen duten gauza gehiago ere baloratzen dira. Hasieran, adibidez, beren burua aurkezteko dantza bat egiten dute bikote guztiek.

Alderdi teknikoak eta artistikoak hartzen dira kontuan, beraz?

Bai, fandangoa eta arin-arina dantzatzean teknika ikusten da: pausoak ondo egiten al dituzten, hankak eta besoak ondo kokatzen al dituzten... Dantza bera, alegia. Aurkezpenean, berriz, alderdi artistikoa baloratzen da: bikotekideen arteko konplizitatea, publikoaren eta epaileen aurrean nola aurkezten diren... Pausoak ere baloratzen dira, bai, baina ez da kontuan hartzen horien zailtasuna, beren burua aurkezteko modua polita al den baizik.

Zenbat epaile aritzen zarete saio bakoitzean?

Txapelketaren arabera aldatu egiten da kopurua. Herrietako txapelketetan hiru epaimahikide izaten gara, eta gurekin batera aritzen da hiruron puntuak batzeko ardura duen idazkaria. Aldiz, Donostiako edo Euskal Herriko txapelketetan bost epaimahikide izaten dira, lehia horiek garrantzi handiagoa baitute.​​​​​​​

Epaileon artean iritzi desberdinak egoten al dira?

Epaile bakoitzaren balorazioak batu eta puntu gehien eskuratzen dituen bikotea izaten da irabazlea. Dena den, sailkapena erakusten digute, denok ados al gauden egiaztatzeko. Oso gutxitan egoten da desadostasuna.

Dantzari izatetik epaile aritzera, zer aldatzen da?

Dantzaria zarenean, ondo egin nahi duzu dantza, baina epaile zarenean, bere osotasunean ikusi behar da dena. Izan ere, izan daiteke dantzari bat hankekin ikaragarri ona, puntak oso ondo markatzen dituelako, baina agian badu ahuleziaren bat. Teknikoki ona izan arren, ez baldin baduzu ezer transmititzen...

Epaile izateak presiorik edo erantzukizun berezirik eragiten al dizu?

Hasieran bai, ordura arte nire aurkari izandakoak baloratzen hasi nintzelako. Dena den, haiekin harreman estua izan arren, objektiboa izaten nintzela uste dut. Gaur egun, esaterako, bada Orioko bikote bat, baina ez daukat haiek baloratzeko presiorik; bai, ordea, haiek txapelketetan ondo jarduteko gogoa.

Etorkizunean, dantzaren munduan jarraitzeko asmoa al duzu?

Aurten ez naiz epaile lanetan aritu ama izan naizelako, eta txapelketetara joan naizenean faltan sumatu dut. Epaile lanetan hasi nintzenean, inbidia sortzen zitzaidan dantzariak ikusten nituenean; orain, berriz, epaileak ikusitakoan gertatzen zait hori. Beraz, bai, jarraitu ahal izatea espero dut. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide