Bihar, hilaren 31n, ospatuko da Euskal Herriko hainbat txokotan Gau Beltza edo arimen gaua, eta Aian eta Orion egitarau oparoak prestatu dituzte arratsalde-iluntze parterako.
Orion, udalak, herriko ikastetxeek eta Txurrumuskik antolatuta, HH eta LHko ikasleentzako prestatutako arima eta zomorro tailerra egingo dute. Ondoren, 19:30ean, beldurrezko ibilbidean barrena ariko dira jolasean gaztetxoak. Txurrumuskik antolatu du ekintza eta LH3tik DBH2ra bitarteko ikasleentzat izango da. Ibilbidea talde txikietan egingo dute, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dituzte.
Aian, berriz, Lardizabal eskolako guraso elkarteak osatu du egitaraua: jokoak eta kalejira zaratatsua antolatu ditu, eta jakinarazi du mozorro onenak saria izango duela.
Orioko egitaraua
- 17:30. Tailerrak HH eta LHko haurrentzat, Herriko Plazan.
- 19:30. Beldurrezko ibilaldia, LH 3tik gorakoentzat, plazatik abiatuta.
Aiako egitaraua
- 17:00. Jokoak eta ezustekoak, frontoian.
- Arratsaldean zehar, txokolate beroa banatuko dute.
- 19:00ak aldera, kalejira zaratatsua herriko kaleetan barna.