Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatu duen Kapsula Kuantikoa Urola Kostara iritsiko da datozen asteetan. Fisika eta teknologia kuantikoak herritarrei modu irisgarrian, parte hartzailean eta erakargarrian hurbiltzea da Jaurlaritzak abiatu berri duen egitasmoaren helburua, eta hori hala izanik, herriz herri dabilen unitate mugikorrak hainbat geldialdi egingo ditu eskualdeko zenbait herritan. Hain zuzen ere, Oriora bihar goizean iritsiko da, eta Aiara, berriz, etzi, asteazkenarekin.
Gune horretara sartzen diren parte hartzaileek esperientzia kolektibo bat bizitzeko aukera izango dute, fisika kuantikoaren oinarrizko hainbat printzipio eta eguneroko bizitzan dauden aplikazioak ezagutzeko. Ikus entzunezkoak eta panel interaktiboak ikusi ahal izango dituzte herritarrek bisitan, konplexuak izan daitezkeen edota eguneroko bizitzatik urrun dauden kontzeptuak ulertzen laguntzeko.
Goizean, 09:00etatik 14:00etara, aurrez erreserba egindako taldeen egingo dituzte bisitak; gutxi gorabehera 50 minutuko saioak izango dira. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, 30 minutuko bisita egin ahalko dute herritarrek, aurrez erreserbarik egin gabeko saioetan. Orion, Abaromendi kalean izango da jarduera, eta Aian, berriz, Joan Etorle kaleko autobusen aparkalekuan.