Zirkulazio arau berriak garai berrietarako

Maialen Etxaniz

Urolako bidegorria. (Guka)

Gidariek, txirrindulariek eta patinete elektrikoen erabiltzaileek jarraitu beharreko arauak moldatu ditu Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak DGTk. Zirkulazio Araudi Orokorraren erreforma berria urriaren 1ean sartu zen indarrean.

Urte gutxiren buruan, kaleko eguneroko estanparen parte bihurtu da herritarrak patinete elektrikoan joan-etorrian ikustea; baita banaketa enpresetako langileak ere, dagoeneko. Bizikleta elektrikoak nonahi ikus daitezke, eta nabarmen areagotu da txirrindularien kopurua errepideetan. Moda kontuek, teknologiaren garapenak edo ohitura berriek eraginda, asko aldatu da ibilgailuen zirkulazioa herriguneetan nahiz errepide nagusietan. Hori dela eta, garaira egokitzeko xedez eta herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) Zirkulazio Araudi Orokorraren erreforma berria ezarri du. Urriaren 1ean sartu zen indarrean, baina oraindik ikusteko dago nola gizarteratuko den.

Zirkulazio Araudi Orokorraren erreformak "mugikortasunean erabiltzaile zaurgarrien babesa indartzea" du helburu, esaterako, oinezkoak eta txirrindulariak babestea. Erreformaren barruko neurrien artean daude, besteak beste, txirrindulariak aurreratzeko baldintza zorrotzagoak, patinete elektrikoak erabiltzeko betebehar berriak, motor gidarientzako ekipamendu baldintzak eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko zehaztasunak. Araudiak eragina izango du Urola Kostako errepideetan eta kaleetan, bereziki bizikletak eta motordun ibilgailuak elkarrekin ibiltzen diren tokietan. Hala ere, arau orokorrak indarrean jartzeak ez du esan nahi herri guztietan azpiegitura berriak edo trafiko antolaketan berrikuntzak izango direnik. Erabiltzaileen jarreran egongo da gakoa, nolabait.

"Hainbat urtez gomendio gisa erabilitako neurriak legeak babestu egiten ditu orain", dio Unai Egaña udaltzainak (Zarautz, 1972). Haren aburuz, hori ondo dago. Zarauzko Bide Heziketaz eta Mugikortasun Seguruaz arduratzen diren udaltzainetako bat da Egaña, eta oinezkoek, bizikletek eta autoek espazio bera partekatzen duten mugikortasun ereduaren aldekoa da, nahiz eta hori ahalik eta arau gutxien jarrita egitearen aldekoa den. Begi onez ikusi ditu DGTren proposamenaren barruko zenbait aukera.

Aldaketa zehatzak

Araudi berriaren barruko neurri esanguratsuenetako bat txirrindulariak aurreratzeko segurtasun baldintzei dagokio. Gidariek gutxienez metro eta erdiko tartea utzi beharko dute albotara ibilgailuaren eta txirrindularien artean. Egañak azaldu duenez, "lehen gomendioa zen, baina orain betebeharra argi eta garbi jasotzen da araudian". Herri barruan, gainera, aurrean zein atzean, bost metroko tartea utzi beharko dute gidariek txirrindulariaren eta ibilgailuaren artean. Herri arteko errepideetan –N-634 errepidean, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Orio lotzen dituen bidean, edota Azpeitia eta Azkoitia artekoan–, txirrindulariak aurreratzerakoan, gehienezko abiadura berez bide horretarako ezarritako abiadura muga baino 20 kilometro orduko txikiagoa izango da; eta noranzko bakoitzean bide bat baino gehiago badago, aurreratzeko maniobran gidariek bidez erabat aldatu beharko dute.

Herriguneetan badira bestelako aldaketak: bizikletek bidearen erdialdetik ibiltzeko aukera izango dute, trafikoaren baldintzek eta segurtasunak hala ahalbidetzen dutenean, eta plataforma bakarreko kaleetan oinezkoek izango dute lehentasuna. Egañak gaineratu du txirrindularientzako gomendio nagusi bat ere badagoela: "Herri arteko bideetan eta norabide bakarrekotan, bizikletei gomendatzen zaie ahal duen bide zati handiena hartzea; bazterrera joan beharrean, erdira jotzea, alegia".

Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen kasuan, hala nola patinete elektrikoak, erabilera baldintza berriak ezarri ditu DGT araudi berriarekin. Aurrerantzean, patinete elektrikoen erabiltzaileen gutxieneko adina 15 urtekoa izango da, kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango dute erabiltzaile horiek, eta gauez edo ikuspen gutxiko egoeretan txaleko islatzailea ere eraman beharko dute. Kaskoaren erabileran badago aldaketa bat; izan ere, orain arte, udal ordenantza bidez zegoen araututa neurri hori, baina orain DGTren irizpideetan zehazten da kaskoaren derrigortasuna. Herriguneetatik kanpo, patinete elektrikoen gidariek bizikletentzako bideetan edo bereizitako bide jakin batzuetan ibiltzeko aukera izango dute, beti ere, seinaleek debekatzen ez badute. Aldiz, debekatuta izango dute bide azkarretan ibiltzea, autopistetan kasu. Epe motzean beste hainbat neurri hartuko dituzte patineteen erabiltzaileei zuzenduta. Adibidez, 2027ko urriaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da gailuaren argia piztuta eramatea.

Egañak azaldu duenez, aldaketa horiez gain, lege berriarekin hainbat aukera ere irekitzen dira: "Udalek ordenantza aldatzen badute, gehienez 30 kilometro orduko muga duten norabide bakarreko errepideetan txirrindulariek kontrako norabidean joateko aukera izango dute. Lehen ez zegoen aukera hori, baina orain irekitzen da probatzeko aukera". Zehaztu duenez, asko dira baldintza horiek dituzten kaleak.

Udaltzainen lupa

DGTk arauak ezartzen ditu eta tokian tokiko poliziek daukate kontrola ezartzeko ardura; udaltzainek nahiz ertzainek dute kontrol eskumena.

"Kontua da non jartzen den fokua", dio Egañak: "Zer kontrolatzen den edo noiz kontrolatzen den, badago aldea. Dena den, badauzkagu erkidego mailako egutegi bateratuak, gutxi gorabehera gauza zehatzak noiz kontrolatu zehazten dituztenak. Zarautzen, esaterako, badira urte batzuk bizikleten eta argien kontrola sasoi honetan [udazkenean] egiten dugula. Bereziki egiten dugu garai hau probestuta, ordu aldaketak bizikleten ilunpeko erabilera ordutegia ere aldatzen duelako", azaldu du zarauztarrak.

Neurriak ezagutarazten

Arau berriek eragina izango dute eskualdeko ia herrigune guztietan, eguneroko joan-etorrietan oinezkoak, bizikletak, patineteak eta autoak kale berean elkartzen baitziren orain arte. Dena den, jende askok ez daki erreforma berria indarrean jarri denik.

Egañak azaldu duenez, haiek "lan dezente" ari dira egiten mugikortasun eta zirkulazio arauak herriratzeko: "Urriaren 1ean, Zirkulazio Araudi Orokorraren erreforma berria indarrean sartu zenean, hedapen handia izan zuen berriak, eta albistegietan-eta landu zuten gaia. Denborarekin, ordea, jendea ahaztu egin da. Hori dela eta, neurriak herriratzeko lanean gabiltza".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide