Sedano-Altube familiako kideak, Orioko lehen kanpinzaleak

Onintza Lete Arrieta

Mari Carmen Sedano, errio parean, Manu Etxeberria ilobarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Urrun dago1940ko hamarkada, baina orduko oroitzapenak bizi-bizirik ditu Mari Carmen Sedanok, Alfredo aitarekin eta Mari Paz ahizparekin Tolosatik Oriora kanpin denda eta guzti joaten ziren garaiez akordatzean. Iraileko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa. 

Orioko kanpina 1963. urtean ireki zuten, duela sei hamarkada baino gehiago. Baina bada familia bat bi hamarkada lehenago ere herrian kanpatzen zuena: Tolosako Sedano-Altube sendia. Gurasoak eta bi alaba ziren; zaharrena, Mari Paz, Oriora ezkondu zen, eta gazteena, Mari Carmen (Tolosa, 1940), duela sei urte etorri zen herrira bizitzera. 86 urteko emakume dotorea da sedanotarretan gazteena, herria ondo baino hobeto ezagutzen duena, eta oroitzapen bizi asko dituena. Herriko lehenengo kanpinzaleen kontuak kontatzen hasi da, Manu Etxeberria iloba oriotarra ondoan duela. "Gu izan ginen herrian aurreneko kanpina jarri zutenak", esan du, inolako zalantzarik egin gabe. 1940ko hamarkadaz mintzo da. Orion artean ez zen kanpinik, eta gainera, oriotarrak ez omen ziren hondartza aldera joaten ezertara.

Sedanotarrak. Zutik bi alabak, ezkerrean Mari Carmen eta eskuinean Mari Paz, eta eserita, Eugenia eta Alfredo gurasoak. 

1936ko gerraren aurretik hasi ziren gurasoak udako oporrak Orion igarotzen, hamabost egun edo hilabete, Toki Alai hotelean. "Gero, aitak kanpin denda eskuratu zuenean, ama ez zen lotara animatzen, aita bi alabokin joaten zen", oroitu du Sedanok. "Gure aita oso arrantza zalea zen, oso-oso zalea, eta hasieran Toki Alai hotelera joaten zen lotara, baina nik uste urrun gelditzen hasi zitzaiola, marearen arabera joaten baitzen arrantzara hondartza aldera; 03:00etan joan behar bazen, 03:00etan joango zen". Hala, "plaia txikia" deitzen zioten gunera joaten hasi zen kanpin denda hartuta, gaur egun kirol portua amaitzen den eremura. Guardia zibilen etxetxoa egoten zen han, guardiena, eta haren ondoan jartzen zuen denda, "babes sentsazioagatik edo", azaldu du Sedanok. "Guardien ondoan jarri eta haiei hartzen zien argia. Haiek gustura, aspertuta egoten zirelako". Hondartza txikiak muino bat zuela gogoratzen da, eta denda haren babesean jartzen zutela. "Lupiak eta beste edozer arrantzatzen zuen errioan; tira, ez zuen ezer arrantzatzen, baina ilusio ikaragarria egiten zion. Behin lupia ederra harrapatu zuen, eta Tolosaraino eraman zuen lagunei erakusteko", kontatu du, barrez. Beraiek, berriz, hondartzako arroketatik muskuiluak hartzen ibiltzen zirela kontatu du.

Bere haurtzaroko Orio gogora ekarri du Sedanok. Orduan ez zen malekoirik, txiringitorik, etxerik, hotelik eta kanpinik. "Soilik hondartza eta errioa, eta dunak eta duna gehiago. Lore hori batzuk ateratzen ziren duna haietan". Ondo gogoan du hondartzaren ertzean, Itxaspe azpian, meatzea zela, eta hondar artean, erreiak zeudela meatzetik ateratzen zituzten harriak bagoietan garraiatzeko. "Barra harri horiekin egin zuten". Gogoan du zeinen arriskutsua izaten zen barra itsasontzientzat, baita berak 12 urte zituela nola Virgen Carmeli arrantzontziak naufragioa izan zuen barra pasatzen ari zela ere, eta nola hil ziren marineletako bost. Sedano ez dago ziur zer garaitan izango zen, baina hondartzako Jose Mariren jatetxearekin ere ederki akordatzen da. "Goian terraza zuen, eta barra harriz egindakoa zen. Lurra hondarrezkoa zen eta eserlekuak ere hareharrizkoak. Gaseosa La Canica ematen ziguten, ez zegoen ez izozkirik, ez bestelakorik".

Garai hartan Bikamiotarik ere ez zela kontatu du, hondartzarako bidea bakarra zela. "Polita zen bidea, zuhaitzak zituen alde banatara. Jauregi bat ere bazen, Datoko dukearena". Errepidean kotxerik apenas, eta gurasoak eta ahizpa nagusia Tolosatik bizikletaz iristen omen ziren Oriora. "Garraio publikoan bidaia hura egitea odisea handia izaten zen", dio. Ederki daki, bera bizikletan ibiltzeko gazteegia izan, eta trenez eta autobusez bidaltzen zutelako Oriora, Tolosako ezagun batzuekin.

Belar gainean lo

Garai haietako kanpin dendek oraingoekin zerikusi gutxi zuten arren, beraiena ez omen zen nolanahikoa. "Militarrena zen, zuria, eta oihal gogorrez egindakoa; han ez zen urik sartzen. Oraintxe ikusiko banu bezala gogoratzen naiz". Muntatzeko oso errazak zirela azaldu du. "Hori bai, garai haietan ez zegoen koltxonetarik, eta belar lehorra lortzen zuen aitak inguruko baserritar batengandik. Belarra jarri, gainean amak emandako izarak eta mantak, eta hala egiten genuen lo". Egunez bildu, eta eserlekutzat erabiltzen zuten belar hori bera.

Sua, berriz, "modernoa" zeukaten, Frantziatik ekarritakoa, alkoholarekin funtzionatzen zuena. 1936ko gerra hasi zenean Frantziara ihes egin zuten gurasoek, hiru urtez bizi izan ziren han, eta handik hainbat gauza ekarri zuten etxera itzultzean, tartean sua.

Sedanotarren aita, Alfredo, arrantza zale amorratua. 

"Ama ere etortzen zitzaigun frutaz eta janariz betetako otarreekin, Tolosan fruta arbola asko genuelako. Tolosatik trenez etortzen zen Oriora, eta gero, herriko batek, Luisek, ekartzen zuen bere ontzitxoan errioan behera, baina ez zen lotara gelditzen, ez zitzaion gustatzen kanpinean lo egitea", dio Sedanok.

Kanpinean ez ezik, herriko kofradian ere lo egindakoa da Mari Carmen, txiki-txikitatik. Izan ere, 1936ko gerrak Orion uda pasatzen harrapatu zituen haren gurasoak eta ahizpa –zazpi urte zaharragoa–, eta hainbat oriotarrekin ihes egin zuten, itsasontziz, Frantziara. "Gure aitak familia zuen Bruselan, eta ondo hitz egiten zuen frantsesez. Hala, hara iritsi zirenean, gure aitak lortu zien lana berarekin joan ziren oriotar guztiei. Tartean zen kofradiako Luis Genova. Beraz, gerra amaitu eta gurasoak Oriora itzuli zirenean, Genovaren emazteak ez zien utzi Toki Alai hotelean gelditzen".

Datoko dukea

Gaur egun AP-8 autobideko zubia dagoen inguruan palazioa zeukan Datoko dukeak, eta haiekin ere pasadizorik badute sedanotarrek. Tolosarrek Jai izeneko txakur bat zeukaten, eta askotan beraiekin eramaten zuten Oriora kanpatzera. "Behin, kumeak egin berri zegoela, Datoko dukearen semea, 30 bat urtekoa, gerturatu egin zitzaion, eta zakurrak hozka egin zion hankan. Gure aitaren larritasuna! Barkatzeko eta barkatzeko, eta dukea izugarri jator portatu zen, eta aitari esan zion lasai egoteko, errua berea izan zela hala gerturatzearren animaliarengana. Oso jatorrak ziren", oroitu da Sedano.

Mari Paz gurasoen besoetan. 

Dukearen alabek eguzkitako aterki zuriekin eta soineko fin dotoreekin paseatzen zutela ere gogoan du Mari Carmenek, eta nola elkarri begiratzen zioten, jakin-minez. "Hondartza inguruan, haiek eta gu, beste inor ez zen egoten hemen". Garai hartan dendetan bainujantzirik ere ez zutela saltzen esan du Sedanok, eta amak egiten zizkiela ahizpari eta biei. "Kakorratzekin egiten zizkigun, tirante eta guzti, eta bainatu ondoren beste bat janzteko agintzen zigun, lehorra. Bateren batek galdetu izan zuen nola zen posible ni beti uretan eta beti bainujantzi lehorrarekin egotea".

Gerora, kanpista bakarrak izatetik bi izatera igaro zirela azaldu du, umoretsu, Mari Carmenek. "Aitak Tolosako lagun bat, Guillermo Rekondo, konbentzitu zuen Oriora arrantzara joateko, eta hura ere kanpinarekin joaten hasi zen. Zortzi seme-alaba zituen, eta emaztearen gogoaren kontra, etortzen hasi ziren; azkenerako ondo moldatzen ziren".

Mari Carmen Sedano, gaztetan. 

Kanpin denda ederrenarekin

Herrian kanpina ireki zutenean, 1963an, Mari Carmen jada ezkonduta zegoen, eta aitortu du aurreneko urteetan ez zela Orioko kanpinera joan. Gero bai, ordea. "Ordizian kirol denda zabaldu genuen senarrak eta biok, eta urte batean, zabalgune handi batean, dendan genituen kanpinak jarri genituen ikusgai. Haietako batez maitemindu nintzen", kontatu du. "Sekulakoa zen: gela asko zituen, sukaldea, egongela, logelak... erraldoia zen, eta senarrari esan nion harekin joan behar genuela Oriora". Senarrak ezetz, eta orduan, berak, umeekin joango zela, senarrik gabe. Eta halaxe egin zuen.

Eugenia eta Alfredo senar-emazteak, Toki Alai hotelean. 

Orduan kanpinean partzelarik ez zela gogoratzen du, dena libre zela, eta bere kanpinak leku handia okupatzen zuela. Senarraren anai batek kamioi koskorra zeukan, eta hari eskatu zion kanpinera gauzak eramaten laguntzeko: ohe tolesgarriak, baxera... denetarik eraman zuen. Hasieran ez, baina gero senarra ere gustura joaten zela kontatu du, eta negozioa zutenez, txandaka egiten zituztela oporrak; bakoitzak hambost egun, kanpina uda osoan Orion jarrita. Mari Carmenen ama ere joaten zen, eta umeekin egoten zen. "Gure ama zoriontsu zen hemen, kanpinean. Bere logela zeukan, gainera. Zoragarri pasatzen genuen", oroitu du. "Eta hori, garai hartan kanpinean ia ezer ez zegoela: ez harrera, ez horma, ez igerileku...".

Mari Carmen Sedano, Orioko kanpineko sarreran, hondartzaren eta inguruaren argazki zahar bat eskuetan duela. (Onintza Lete Arrieta)

Bistan gelditu denez, Orio betidanik izan da berezia sedanotarrentzat; ahizpa bertara ezkondu zen, eta Mari Carmenek ere bertan igaroko ditu bere bizitzako azken urteak, gaurko Orio eta lehengoa, biak arnastuz, biak sentituz. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide