Aldaketa askoko denboraldia izan da amaitzear den hau Orioko udal kanpinarentzat. Hainbat urtez atzeratu den igerileku berria zabaldu dute –kokapen berrian, kanpineko iparraldetik hegoaldera aldatuta–, eta igerileku zaharraren tokian zazpi mobile home ezarri dituzte. Lau etxola ere eraman zituzten joan den astean, eta horiek instalatzen ari dira egunotan.
Jone Olaskoaga zuzendariak zenbaki zehatzik ez du oraindik esku artean, azaroaren 9ra arte ez baitute itxiko kanpina, baina zalantzarik gabe dio denboraldi oso ona izan dela. "Udan, esaterako, ekainaren azken astetik irailaren erdira arte, %100 beteta" izan dituzte bai partzelak, bai bungalowak. Partzelak irail amaieran ere %95ean beteta zituzten, eguraldi onagatik.
Atzeratutako hobekuntza
Berrikuntzek horretan zenbateraino lagundu duten esatera ez da ausartzen, haren ustez eguraldia ere "giltzarria" izan baita: "Sentipena daukat guk izan dugun betekada Zarauzko eta Zumaiako kanpinek eta gainontzekoek ere izan dutela, eta giroak eragin duela. Egin dituen beroaldiekin, lehen [penintsularen] behealdera jaisten zen europar hori aurten hemen gelditu da".
Igerilekuaren proiektua asko luzatu dela gogorarazi du Olaskoagak, eta lauzpabost urteren ondoren zabaldu dutela, aurtengo maiatzean. Aurrena COVID-19aren eraginez atzeratu zen proiektua, materialak asko garestitu zirelako, eta antzekoa gertatu zen gero Ukrainako gerraren ondorioz. Iazko udarako jarri nahi zuten martxan, baina helburua bete gabe iritsi ziren denboraldi amaierara. Aurtengo denboraldian bai, igerilekua epe zabalagoan irekita edukitzea lortu dute; hiru hilabetez zabalik egon beharrean, bost hilabetez egongo da, maiatzaren erdialdetik gaur zortzi, hilaren 15era arte. Eguzki plaka fotovoltaikoei esker ura berotzeko aukera dute, eta aste honetan, esaterako, 24 gradu ditu urak. Hemendik aurrera, beti zabalduko dute igerilekua bost hilabetez. "Aurten probatu eta baloratu egin nahi genuen, eta azken bilerak oraindik egin ez baditugu ere, hurrengo urtean bost hilabeteko epeari eutsiko diogu", zehaztu du Olaskoagak.
Maiatzean bero bolada handia egin zuen, eta igerilekua martxan zenez, "udaberri oso polita" izan dute kanpinean. Igerilekuaren balorazio orokorra ere ona da: "Arrakasta handia izan du igerileku berriak. Aurrez, lanak egin bitartean, jarrera ulerkorra izan dute erabiltzaileek, eta behin zabaldu denean, konturatu gara adin guztietako erabiltzaileak bertaratu direla". Bazekiten umeentzat egokia izango zela, baina orain ikusi dute bezero finkoek –asko adinekoak– gustura hartu dutela. "Belaunaldi desberdinetako erabiltzaileek gozatu dute igerilekuaz aldi berean, eta oso-oso pozik gaude".
Bungalow gehiago
Igerileku berriaren tokian hamabi partzela zeuden lehen, eta horiek galdu egin ditu kanpinak, baina igerileku zaharraren espazioa libre gelditu denez, han zazpi mobile home ezarri dituzte. Ekain amaieran iritsi ziren, eta lanak amaituta, hemendik aurrera erabilgarri egongo dira. Horiei lau etxola berri gehitu behar zaizkie, eta aldaketarekin, Olaskoagak uste du egindako inbertsioari buelta eman eta irabaziak epe motzean ikusiko dituztela, kanpina udan ez ezik, gainerako hilabeteetan ere beteago egongo delako. Azken berrikuntzak eginda, urte batzuetan azpiegitura berririk eta aldaketarik ez du aurreikusten Olaskoagak.
Zudugarain kanpina egiteko urratsak, abian
Aiako Udaleko gobernu batzordeak hasierako onarpena eman dio Aiako 01-013 partzelan kanpin bat ezartzeko urbanizazio proiektuari; eremu hori Zudugarain dago. Eitzen enpresak idatzi du proiektua, eta jendaurrean egongo da hogei lanegunez (asteartean hasita). Aiako Udalak momentuz ez du gaiari buruzko informaziorik zabaldu.

