Oria ibaia hamaika toki zoragarritara adarkatzen zaigu. Argazkiko mendia sorburuetako bat du. Amuarrainak nola, presak eta herriak gorantz eginez hala iritsiko gara bertara: Andoain, Tolosa, Lizartza, Atallu eta Azkarate (Araitz bailara).
Mendi hori bi izenez da ezagun: Mallozar eta Balerdi. 1.165 metro ditu eta tente-tente ageri da Azkaratetik begiratuta.
Gailur horrek eta haren ahizpek Aralarko Malloak mendilerroa osatzen dute, zeinari frontoi handi baten tankera hartzen baitiot. Gezurra dirudi Malloen magal bertigotsuetan belarretan ibil zitezkeenik. Bada, badirudi baietz, mendian behera datozen kableak lekuko, hortik bidaltzen baitzituzten belar burusiak goitik behera. Gaur egun, martxan ikusi nahi duenak baditu erakustaldiak.
Magal malkartsu horiek ahuntzen mendi (auñamendi) edo akerren larre (akelarre) dirudite. Hor nonbait ezkutatuta egingo ote zituzten erregimen kolonoen jazarpenari ihes egiteko batzar eta batzemeak? [1] Ustezko bilkide asko dira bizirik erre zituztenak, erregimenaren bruja-malefika konstruktuari [2] loturiko akusazioen kari. Auzipetuek [3], emakumeak nagusiki, akusazio horien guztien ukapena zuten aldarri ozen. Ondoren, torturatu egingo zituzten. 1984. urtean Pedro Oleak Akelarre [4] filma grabatuko zuen larre horietantxe.
Malloen atzeko larre haietan hainbat trikuharri eta harrespila aurkitu daitezke eta herri oroimenean hainbat kondaira, zeintzuetan herensuge eta adarbakarrak ageri baitira guri mezuren bat transmititu nahian.
Gaur egun, Balerdi, mendizale askoren helburu da, arriskutsua den arren ezen tontorrera iristeko gandorra igarotzea. Dena dela, ezbairik gabe, ikuspegi ederrenez gozatzeko, mendi honi behetik begiratzea da onena.
-------------
[1] Lehen frankismoan mendi elkarteen irteeretan nola.
[2] Pierre de L'Ancre. Tableau de l'inconstance des mauvais et demons. 1612.
[3] Araizko sorgin-ehizan (~1645) eraildakoak gehiago izan ziren kausitu ditudan hauek baino: Gártzenè Zubíetà (60 urte), Jóhan Mártitz Perúgorrì (60 urte), Jóhanès Zapátagindegì (57 urte), Mártin Barátzartè (40 urte), Mária Érnandìtz (37 urte), Katálinà Mértzerò (29 urte), Márià Míkel Órexà (26 urte), Márià Perútxorenà Áranò (20 urte), Márià Ándres Perútxorenà (15 urte), Mikáelà Txórrotà (13 urte), Márià Jóhan Txórrotà (8 urte). Oharra: erdal belarriek aditu eta hortik nola hala idatzi zutenetik euskaraz esan zuten hura berreraikitzeko saiakera egin da, beti egin beharko genukeen bezala.
[4] https://primeran.eus/m/akelarre