Aldundiak aldaketak iragarri ditu Mugi txartelaren deskontu sisteman

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 24a

Pertsona bat, Mugi txartela eskuetan duela. (Aldundia)

Mugi txartelarekin hilean hamabost bidaia baino gutxiago egiten dituztenek bidaia txartel bakoitzagatik 66 zentimo ordainduko dute. Aldiz, hilean 51 bidaia baino gehiago egiten dituztenek, zortzi zentimo. Noizbehinkako txartelaren prezioa igo egingo dute. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Mugi txartelaren deskontu sistema aldatzea adostu du, garraio publikoaren erabilera indartze aldera. Hori hala, Mugi sistemaren ohiko erabiltzaileek, garraio publikoa sarriago erabiltzen dutenek, merkeago egin ahal izango dituzte bidaiak aurrerantzean. Kontrara, garraio publiko gutxien erabiltzen dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Trenaren eta autobusaren erabiltzaileei eragingo die aldundiak hartutako neurri berriak.

Erakundeak azaldu duenez, orain arte hiru deskontu tarte zituen Mugi txartelak, baina aldaketa indarrean sartuta, aurrerantzean lau deskontu tarte izango ditu Mugi sistemak, erabiltzailearen hileroko bidaia kopuruaren arabera. Mugi txartelarekin hilean hamabost bidaia baino gutxiago egiten dituztenek %71ko deskontua izango dute –bidaia txartel bakoitzagatik 66 zentimo ordainduko dute, egun baino zazpi zentimo gehiago–; hamasei eta 30 bidaia artean egiten dituztenei %78ko deskontua aplikatuko zaie; hilean 31 eta 50 bidaia artean egiten dituzten erabiltzaileek %95eko deskontua izango dute; eta hilean 51 bidaiatik gora egiten dituzten herritarrek, berriz, %96ko deskontua izango dute, alegia, bidaia bakoitzagatik zortzi zentimo ordainduko dute, egun baino lau zentimo gutxiago. 

Noizbehinkako txartelak, bestalde, igoera nabarmena izango du. Egun 1,95 euro balio du bidaia txartel bakoitzak, eta aurrerantzean, 2,25 euro ordaindu beharko da, gaur egun baino %15 garestiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide