Gaurtik aurrera, Lurraldebuseko gaueko autobus bidaiek ez dute tarifa berezia izango

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 6a

Autobus bat, gauez zerbitzua eskaintzen.

Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak iragarri duenez, Lurraldebuseko autobusen gaueko bidaiek ez dute gainkosturik izango gaurtik aurrera. 

Lurraldebusen gaueko zerbitzuak ez du tarifa bereziturik izango gaurtik aurrera, eta ondorioz, bidaietako prezioak berdinak izango dira ordutegia edozein dela ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak erabaki du gaueko autobus zerbitzuaren gainkostua kentzea, "garraio publikorako sarbidea demokratizatzeko" helburuz, Azahara Dominguez foru diputatuak azaldu duenez.

Aldundiko mugikortasuneko arduradunak zehaztu duenez, orain arte gaueko autobusen tarifak honakoak ziren: 2,65 euro zona-jauzirik gabeko ibilbideetan, 3,70 euro zona-jauzi bat zutenetan, 6,45 euro bi zona-jauzi zituztenetan, 8,95 euro hiru zona-jauzikoetan, 11,30 euro lau zona-jauzikoetan eta 14,75 euro bost zona-jauziko ibilbideetan. Gaueko tarifa kentzearekin batera, Mugi txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileek gehienez ere 0,59 euro ordainduko dute zona-jauzirik gabeko ibilbideetan; 0,88 euro zona-jauzi bat egiten dutenean; 1,64 euro bi jauzi egiten dituztenean; 2,41 euro hiru jauzitan; 3,12 euro lau jauzitan; eta 4,16 euro bost zona-jauzi egiten dituztenean.

Dominguezen iritziz, gaueko tarifa kentzeko erabakiak gaueko aisialdian garraio publikoaren erabilera sustatuko du. "Hori funtsezkoa da segurtasunaren ikuspegitik. Gipuzkoarrek, bereziki gazteenek, gauez mugitzeko aukera seguruak izan ditzaten nahi dugu, prezioa oztopo edo disuasio-faktore izan gabe", adierazi du.

Neurri berria Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun Saila garraio publikoaren erabilera sustatzeko egiten ari den "lehentasunezko apustuaren" barruan kokatzen dela esan du diputatuak, eta nabarmendu du 2025ean Lurraldebusek 31,2 milioi bidaia erregistratu zituela, historiako kopururik handiena.

"Erritmo horri eusteko eta hazten jarraitzeko, 2026an Lurraldebusi 68,4 milioi euroko aurrekontu historikoa eman diogu. Datu horiek erakusten dute gero eta pertsona gehiagok egiten dutela garraio publikoaren alde, baina marka historikoetan egoteak ez du esan nahi gure hazkunde muga iritsi denik. Hazten jarraitu nahi dugu, eta autobusa herritarrentzat gero eta aukera erakargarriagoa izan dadin lanean jarraitu.", ziurtatu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide