Beroagatik aldaketak izango dira Aiako eta Orioko udal zerbitzuen ordutegietan

Julene Sorarrain

Haurrak uretara salto egiten Aiako udal igerilekuan. (Onintza Lete Arrieta)

Tenperatura altuak direla-eta, zenbait aldaketa izango dira udal zerbitzuen ordutegietan. Alde batetik, Aiako igerilekua gaueko 22:00ak arte izango da zabalik gaur, eta Orioko liburutegia, bestetik, itxita egongo da egun osoan zehar.

Euskalmetek alerta laranja ezarri du, eta tenperatura altuak direla-eta, zenbait aldaketa izango dira Aiako eta Orioko udal zerbitzuetan. Alde batetik, Aiako igerilekuaren ordutegia luzatuko dute gaur. Ohiko ordutegian, uretara sartzeko aukera 20:00etan amaitzen da, baina gaur, ordea, sorospen zerbitzua gaueko 22:00ak arte luzatuko dute, beroari aurre egiteko. 

Bestetik, Orioko udal liburutegia itxita egongo da egun osoan zehar, tenperatura altuen aurkako prebentzio gisa. Bihar, hasiera batean, liburutegia 09:00etatik 14:00etara irekitzea aurreikusi du udalak, baina ezohiko neurriren bat hartuz gero, sare sozialen bitartez emango du horren berri. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide