Urola Kostako Udal Elkarteak turismo teknikaria izango du hemendik aurrera

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 16a

Azahara Domínguez diputatua Urola Kostako mankomunitatearekin bilduta. (Gipuzkoa.eus)

Mankomunitatearen egiturara turismo teknikariaren figura berria gehitu dute, eta Veronica Garcia izango da turismo arduraduna.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) turismo teknikaria izango du hemendik aurrera. Ion Arozena UKUEko presidenteak nabarmendu du "turismo teknikariaren kontratazioa urrats garrantzitsua" dela "Urola Kostak azken urteotan turismoaren kudeaketan egindako ibilbidea sendotzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko". Veronica Garcia da teknikari berria, eta kontratazioak "lurralde osoari onurak ekarriko dizkion turismo eredu baten aldeko gure konpromisoa" berresten duela esan du Arozenak, eta "Udal Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza are gehiago indartzeko, eskualdeko turismo eskaintza modu koordinatuan garatzeko eta Urola Kosta urte osoan erakargarria izango den helmuga jasangarri, kalitatezko eta lehiakor gisa sendotzen jarraitzeko" aukera emango duela.

Pasa den ostiralean, Azahara Domiguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Urola Kostako Udal Elkarteko arduradunekin biltzeko eta Veronica Garcia turismo teknikari berria ezagutzeko aukera izan zuen.

Dominguezek azadu zuenez, "turismo teknikariak Urola Kostan aberastasuna eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortuko duen turismo ereduaren kudeaketan aurrera egiteko aukera" emango du. Azpimarratu zuen kudeaketa turistikorako profesional kualifikatua izatea ezinbestekoa dela, izan ere "Gipuzkoako hirugarren helmuga turistiko handiena da, 101.758 sarrerarekin 2025ean, eta ahalegin handia egiten ari da familia-turismorako erreferentziazko helmuga bihurtzeko".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide