Enpresen digitalizazioa bultzatzeko sentsibilizazio saioa eskainiko du UKUEk

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 20a

Pertsona bat, mugikorra eskuetan duela.

Enpresen digitalizazioa sustatzeko asmoz, Digitalizatzea, hobeto erabakitzeko: datua aktibo estrategiko gisa ETEan izeneko sentsibilizazio saioa eskainiko du UKUEk maiatzaren 28an.

ETE digitala Urola Kostan egitasmoaren bidez, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) enpresa txiki eta ertainei zuzendutako sentsibilizazio saio bat antolatu du datorren ostegunerako, hilak 18, digitalizazioaren alorrean urrats berriak eman ditzaten. Saioa online izango da, 09:30ean hasita, eta interesdunek esteka honetan eman dezakete izena.

UKUEk azaldu duenez, eraldaketa digitalak enpresa-kultura eta antolakuntza aldatzea dakar. Hori dela eta, ETE digitala egitasmoaren bidez, eraldaketa digitala egiten laguntuko die eskualdeko enpresa txiki eta ertainei, sentsibilizazioa, diagnostikoa, aholkularitza, jarraipena eta esperientzien trukaketa eskainiz.

Datorren osteguneko sentsibilizazio saioa izango da egitasmoaren baitan emango duten lehen urratsa. Digitalizatzea, hobeto erabakitzeko: datua aktibo estrategiko gisa ETEan izenburupean, digitalizazioak eguneroko jardueran sortzen duen informazioa hobeto nola aprobetxatu azalduko du PKF Attest aholkularitza etxeko Unai Martinez de Lizarduyk.

Lizarduy hausnarketa estrategikoaz ariko da, eta Business Intelligence eta Adimen Artifizialak bezalako tresnekin lan egiteko jarraibideak emango ditu, enpresei eraginkortasun operatiboa eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide