Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) jakinarazi du erakundeak Zumaian daukan Soldadura Zentroan soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloan izena emateko epea irekita dagoela, maiatzaren 22ra arte.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urteko gazteek eman dezakete izena, eta tokia geldituz gero, baita 17 urtetik gorakoek ere.
Ikasketa praktikoak direla azaldu du UKUEk, soldadurako lanbidearen oinarrizko ezagupenak eskuratzeko; horrez gain, fabrikazio eta muntaketa jakintzak ere bereganatuko dituzte heziketa ziklo hori egiten dutenek. Gainera, ikasketei jarraipena emanez, erdi mailako titulua eskuratu dezakete gazteek.
Udal elkarteak jakinarazi du Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo hori Lanbide Heziketako sisteman sartuta dagoela, alegia hezkuntza arautua dela, eta Urola Kosta Udal Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzarekin burutzen dela. Gainera, zikloa gainditzen duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatua ere eskuratuko dute.
Izen-ematea eta argibideak
Bi ikasturteko zikloa da, eta bigarren ikasturtean ikasleek praktikak egiten dituzte eskualdeko lantegietan. Ikasturtea irailean hasten da eta ekainean bukatu, goizeko ordutegian.
Interesa dutenek Soldadura zentroan bertan eman dezakete izena.
Argibide gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak 943-86 25 76 zenbakira deitu dezake, nahiz soldadurazentroa@urolakosta.eus helbidera mezua idatzi.