'Andraseñorak' taldea irabazle, Zumaian jokatutako kanporaketan

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 16a

Urola Kostari dagokion Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten pasa den ostiralean Zumaiako Inpernupe elkartean. Zumaia eta Zarauzko Andraseñorak aritu ziren kantuan, lagunarteko giroan jokatutako saioan.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako Urola Kostako bigarren kanporaketa jokatu zuten pasa den ostiralean, otsailaren 13an, Zumaiako Inpernupe Elkartean. 20:30ean hasi zen afaria, eta Urola Kostako bi talde aritu ziren afalosteko norgehiagokan: Zumaia eta Zarauzko Andraseñorak.

Zumaiatik Joar Garate Rueda, Urko Arakistain Mendizabal eta Irati Arakistain Mendizabal bertsolariak izan ziren kantuan, eta Zarauztik Aner Peritz Manterola, Uxue Alkorta Iturbe, Joane Aldalur Irazusta eta Irati Tolosa Zubeldia. Gai-emaile lanetan Iban Narbaiza Cevidanes (Zumaia) aritu zen, eta Asier Arakistain Alberdi (Zumaia), Maddi Iruretagoiena Ajuria (Andraseñorak) eta Unai Muniain Caballero (Sendabelarrak taldea, Zarautz) izan ziren epaileak. Idazkaria Jone Lizarralde Ibabe (Andraseñorak) izan zen.

Lagunarteko giro ederrak hartu zuen elkartea, eta umoretsu samarra izan zen saioa. Andraseñorek irabazi zuten kanporaketa, 13 puntu eskuratuta; 8 punturekin, lehiaketatik kanpo geratu da etxeko taldea.

Martxoaren 6an Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean jokatuko den finalerdietara pasa dira, beraz, zarauztarrak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide