EnpleGu zaintza arloko laneratze ibilbide berria jarri du martxan UKUEk

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 10a

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza, Zarautzen. (UKUE)

Gizarte eta lan aukerak hobetzeko tresnak eskainiko ditu EnpleGu egitasmoak, zaintza alorreko prestakuntzaren bitartez. Besteak beste, lanbide ziurtagiria, euskarako ikastaroa eta akonpainamendua izango dute egitasmoan parte hartzen dutenek. 

Urola Kosta Udal Elkarteak (UKUE), Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin elkarlanean, EnpleGu egitasmoa jarri du martxan. Proiektuaren helburua da funtsezko trebetasun eta gaitasun profesionalak garatzea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea errazteko. Egitasmoak Europar Batasunaren finantziazioa jaso du.

Zaintzak duen garrantzia soziala eta lan eskaria kontuan izanda, arlo honetako prestakuntza teknikoa eskainiko dute, "parte hartzaileen laneratzea erraztu eta eskualdeko gizarte beharrei erantzuteko", zehazki. Hilabete honetan hasi eta urrira bitarte egongo dira hartzaileak ibilbidean; eta izena eman nahi dutenek badute jada horretarako aukera.

Hori horrela, honakoak dira EnpleGu egitasmoaren barruan eskainiko dituzten zerbitzuak:

  • Lanbide Ziurtagiria: menpeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta (LAP 30 ordu + prestakuntza 450 ordu + praktikak 80 ordu).
  • Euskarako prestakuntza: eskualdearen izaera kontuan izanik eta jendaurreko arreta denez, euskara sustatzea indartu nahi da (20 orduko ikastaroa).
  • Zeharkako gaitasunak lantzeko prestakuntza (40 ordu).
  • Akonpainamendua, gaitasun pertsonal eta profesionalak lantzeko.

Informazio gehiago eskuratzeko ala izena emateko, interesdunek lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edota 943-89 08 08 zenbakira deitu dezakete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide