Bihar jokatuko dute Aian Herriarteko Bertso Txapelketako lehen saioa

Intza Trula 2026ko otsailaren 5a

Orioko Errikotxia taldea.

Urola Kostako lehen faseko aurreneko saioa Andatzako elkartean izango da, 22:00etan hasita. Zarauzko Allepunta eta Orioko Errikotxia ariko dira lehian. 

Herriarteko Bertso Txapelketari ekingo diote bihar Urola Kostan: zehazki, Aian jokatuko dute lehen faseko lehenengo hitzordua. 22:00etan hasiko da, Andatzako elkartean, eta bi talde ariko dira nor baino nor: Zarauzko Allepunta eta Orioko Errikotxia.

Ondorengo bertsolari hauek osatzen dute lehen taldea, Allepunta: Julen Zulaikak, Hodei Iruretagoienak eta Felix Zubia Olaskoagak. Orioko taldea, berriz, Inhar Gastiainek, Ganix Minerrek, Iker Gurrutxagak, Iñaki Gurrutxagak, Xabier Sukiak eta Egoitz Eizagirrek osatzen dute.

Orotara, Urola Kostan zortzi talde ariko dira Herriartekoan: Zarauzko lau, eta Zumaiako, Getariako, Aizarnazabalgo eta Orioko bana. Bigarren saioa hilaren 13an egingo dute, Zumaian, San Migel elkartean; hirugarrena otsailaren 20an, Aizarnazabalen izango da, Mikel elkartean; eta laugarren eta azken saioa, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute, 27an.

Saio horietako talde irabazleak martxoaren 6ko finalaurrekoetara sailkatuko dira. Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean jokatuko dute saio hori; 19:00etan jokatuko dute aurreneko finalerdia, eta afaldu eta gero bigarrena. Bi saio horietako garaileak ariko dira finalean kantuan. Eskualdeko bertso eguna izango da martxoaren 14an Orion, eta egun horren baitan egingo dute finala: Etxeluze gaztetxean izango da, bazkaldu eta gero.

Urola Kostako saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide