Joan den abenduaren 23an, Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) Batzar Nagusiak aurtengo aurrekontuak onartu zituen EH Bilduren, PSE-EEren eta Aiako Batzarre Burujabetzaren babesarekin. Horrela, udal elkarteak ia 11 milioi euro izango ditu –10.967.083 euro zehazki– aurtengo ekitaldiari aurre egiteko. EAJren ordezkari gehienek, baina, uko egin zioten batzar hartan parte hartzeari; hain zuzen ere, elkartearen zuzendaritzan parte hartzen duten EAJko kideak bakarrik joan ziren batzarrera. EAJren ordezkari horiek aurrekontu proposamena zergatik ez duten ontzat ematen arrazoitzeko baliatu zuten hitza.
Haien esanetan, erakundeak "egoera kritikoa" bizi du, eta "ez dago gutxieneko bermerik kudeaketa garden, parte hartzaile eta sinesgarri baterako". Azken hilabeteetan mankomunitatean arazo ugari izan direla gaineratu zuten, baita horietako hainbat zerrendatu ere; besteak beste, hondakinen bilketa zerbitzu berriaren pleguak oraindik idatzi gabe daudela, Urtetako zabortegiaren zigilatze lanetan arazoak izan direla eta eta horien inguruko argibiderik ez dutela, Garbigunea irekitzeko aurreikuspenak ez direla bete, ezta turismo arloko zenbait konpromiso ere, eta langileen eskubideak negoziatzeko mahaian EAJko kideei parte hartzea ukatu dietela. Ion Arozena UKUEren lehendakariak banan-banan gezurtatu ditu EAJko kideek leporatutakoak, eta alderdi horren jarduteko modua kritikatzeaz gainera, aurrekontuak eskuetan, udal elkarteak 2026rako dituen proiektuak eta erronkak xehatu ditu.
Aurrekontuetako sailik handiena ingurumen arloari dagokiona izanik –7,4 milioi euro–, hortik hasi da Arozena, eta esan du aurtengo erronka dutela hondakinen bilketa zerbitzuaren esleipen berria martxan jartzea. "Egia da espero genuela joan den urtean martxan jartzea, baina arazo batzuk medio, ez genuen lortu". Horretan, EAJk erruaren parte bat baduela esan du Arozenak; izan ere, haren arabera, UKUEren aurreko zuzendaritzak oraingoaren esku utzi zuen lan guztia. "Aurreko zuzendaritzak, esleipen berria lantzen hasi beharrean, aurretik martxan zegoena luzatu zuen, pilota hurrengo agintaldiko zuzendaritzaren teilatu gainean utziz". 45.000 herritarren hondakinen bilketa antolatzeak eta kudeatzeak lanketa handia eskatzen duela ziurtatu du, baina, dena ondo bidean, aurreikusten du aurtengo lehen seihilekoan esleipena martxan jartzea, eta urtea bukatzerako esleipena gauzatzea. Arozenaren asmoa da kontratu berriak hamar bat urteko iraupena izatea eta egungo zerbitzuak dituen gabeziei erantzutea.
Horrez gain, ingurumen arloari dagokionez, Garbigune berria martxan jartzea da UKUEk 2026rako duen erronka nagusia. Garbigune berriaren proiektua 2018an abiatu zutela azaldu du Arozenak, eta berak 2023ko abuztuan udal elkartearen lehendakari kargua hartu zuenean, "obra hasita, baina geldirik" topatu zuela. Obrak martxan jarri zituzten eta 2025eko apirilerako horiek bukatuta zeuden; gaur egun, ordea, azpiegiturak martxan jartzeko Jaurlaritzak eman beharreko bi baimenen zain daude. "Gure eskumenetik kanpoko erakundeek eman beharreko bi baimenen zain gaude. Abenduan jaso nuen jakinarazpen baten arabera, hiru bat hilabete luza daiteke horietako bat, baina ez dago gure esku, Jaurlaritzaren esku baizik, eta horren berri badu EAJk".
Urtetako zabortegiaren zigilatzearen kasuan, berriz, Arozenak onartu du lanak atzeratuta doazela, "baina aparteko arazorik gabe, edozein obra martxan dagoenean gerta daitezkeen gorabeherengatik, eta kasu honetan, zehazki, abuztuan egindako euriteengatik izandako luizi batengatik".
Beste hamaika proiektu
UKUEren Garapen Agentziak esku artean dituen proiektuetan sartuta, eta zehazki enpleguari dagokionean, zaintzaren arloan ahalegin berezia egingo du aurten erakundeak. Joan den urtean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean abian jarritako Zaindu Urola Kosta proiektuarekin jarraituko du, aurtengoan bere kabuz. Horrela, aurrekontutik 53.000 euro bideratuko ditu etxeetan zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten herritarrei formakuntza ematera. "Gainera, berezitasun gisa, ikastaro horretatik hainbat ordu euskara irakasteko erabiliko dituzte, ikastaroa egiten dutenek gutxieneko batzuk ikas ditzaten".
Ixtear diren enpresa txikien eta saltokien kasuan, ezagutza biltzeko eta jasotzeko proiektu bat ere badu esku artean UKUEk, enpresak ixtearekin batera haietan sortutako jakintza guztia gal ez dadin. Asmoa litzateke ondoren enpresa horiekin jarraituko luketen herritarrak topatzea, eta bildutako jakintza hori guztia haiei helaraztea. Horrez gain, industrialdeen azterketa egiteko intentzioa ere badu elkarteak, enpresen beharrak ezagutzeko helburuarekin. Etorkizunera begira jarrita, eta nahiz eta aurrekontuekin lotura zuzenik izan ez, Tokiko Garapen eta Enplegu Plana landuko du aurten UKUEk, eta Arozenak nabarmendu du, beste hainbat eragileren parte hartzea ez ezik, herritarrena ere beharko dutela ahalik eta planik errealistena eta osoena egiteko.
Euskararen esparruan, Mintzalagun programarekin jarraitu egingo du UKUEk, harrera eta emaitza onak dituen egitasmoa delako, eta berrikuntza gisa, Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa aipatu du Arozenak. Turismoa eta euskara uztartzen dituen proiektua 2020an sortu zuten, eta horren barruan kanpaina berria prestatu dute, turistei ez ezik, tokian tokiko herritarrei ere zuzendua. Hori behar bezala abian jartzeko dinamizazio lanetan ariko dira datozen hilabeteetan.
Lan eskubideak, hobera
Aurrekontuei zuzen-zuzenean eragiten dien gaia ez bada ere, mankomunitateko langileen lan baldintzak hobetzeko azken hilabeteotan egindako lanketa atera du mahai gainera Arozenak, EAJk arlo horretan ere hainbat akusazio egin dituelako bere kontra, besteren artean, "langileak izututa" izatea. Elkartearen lehendakariak zehaztu du erakundearen barruan "lehen aldiz" langileen eskubideez hitz egiteko foro bat sortu dutela, eta hain zuzen ere, horren harira dagoeneko hainbat neurri martxan jarri dituztela; esate baterako, Garbigunea larunbat goizetan ixtea eta astegunetan ordu erdi gehiagoz zabalik izatea, hango langileek ere astean bi egunez atsedena izan dezaten. "EAJk dio bere ordezkariek ez dutela mahai horretan parte hartzeko aukerarik, eta egia da hori, baina aukera hori ukatu zaie langileen eskubideak etekin politikoa ateratzeko erabiltzen saiatu direlako, eta halaxe adierazi nien". Arozenak aurrerapauso garrantzitsutzat jo du mahai hori eratu izana, "orain langileek badutelako beren kezkak eta proposamenak non plazaratua".
Langileei kontratazioari dagokionez, besteak beste, Zumaiako Oinarrizko Lanbide Heziketako zentrorako irakasle bat gehiago kontratu dutela nabarmendu du.