Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa aurkeztu du UKUEk Fiturren

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 22a

Ion Arozena UKUEren lehendakaria Fiturren. (UKUE)

Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkartearen lehendakariak euskara eta turismoa uztartzen dituen Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoari eta haren kanpaina berriari buruz jardun du Madrilgo Fitur turismo azokan.

Egunotan turismo arloko Fitur azoka egiten ari dira Madrilen, eta Urola Kostako zenbait ordezkari han dira, eskualderi lotutako proiektuak aurkezten. Hain zuzen ere, igandera arte iraungo duen azokan, Gipuzkoako bost proiektu aurkeztuko dituzte jendaurrean, eta horietako bik dute eskualdearekin lotura: Urola Kostan euskara eta turismoa uztartzen dituen Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa horietako bat, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen Tour Birtuala da bestea. 

Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) lehendakaria izan da euskara eta turismoa uztartzen dituen egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituena, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritza sailburuarekin eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin batera. Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an jarri zuten martxan, eta UKUEk eta kostako bost herriek hartu zuten proiektua garatzearen ardura, beharrezko ikusi zutelako euskararen aldagaia ere txertatzea turismo arloko jardueretan eta ekimenetan.

Orain arte egindako ibilbidearekin gustura egon arren, berritzeko beharra zuela eta horixe egin dutela azaldu du Arozenak Madrilen. Kanpaina berritua aurkeztu dute. "Irudia berritu diogu: freskoagoa da orain, jendea erdigunean jarrita", azaldu du Arozenak. "Koloreak bizitu dira, eta esaldi erabilgarriak txertatu, 'eskerrik asko', 'ongi etorri', 'kaixo'…, euskara ez dakitenek ere erabili ditzaten", gaineratu du.

Arozenaren arabera, bisitariak euskara ezagutzera, euskal kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditu kanpaina berriak, "esperientzia osoago batez goza dezaten". Baina mezu guztiak ez dira bisitarientzat; bertakoei ere euskara erabiltzeko eskatzen baitie, "bai bertakoekin, baita bisitariekin, turistekin eta mundu osotik etorritako jendearekin ere", azpimarratu du UKUEko lehendakariak. Izan ere, haren esanetan, horixe da Urola Kostara iritsi berriek bilatzen dutena: "Kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera".

Agirrezabalek eta Dominguezek ere hitz egin dute Urola Kostako egitasmoaren inguruan. Jaurlaritzaren ordezkariak nabarmendu du turistak erakartzeko garrantzitsua dela "desberdina eta benetakoa" izatea. "Nortasun propioa duten lekuen bila ibiltzen gara. Horrela izanik, ez dago euskara baino benetakoago, desberdinago eta paregabeago egiten gaituenik, gure nortasunaren oinarria da eta partekatzeko eta ezagutzera emateko irrikan gaude". Foru aldundiaren ordezkariak, berriz, "norberaren bereizgarriei balioa ematen dien turismoan" sinesten dutela adierazi du, "ez azalekoan geratzen dena, baizik eta esentzian sakontzen duena". Eta zentzu horretan, nabarmendu du "euskara gure altxorrik handienetako bat" dela. "Gure paisaia naturalak, mendiak, hondartzak eta hirigune historikoak zaintzen ditugun bezala, euskara baliabide turistiko gisa zaindu nahi dugu: bisitatzen gaituztenekin partekatu eta bizi nahi dugu, gure hizkuntza gure eskaintza turistikoaren parte gisa ezagutaraztea ez baita soilik euskara baloratzeko modu bat, euskara zaintzeko ere balio du".

Bisitariek Urola Kosta euskararen herria dela ikusteko ezinbestekoa da bertakoek hizkuntza hori erabiltzea, eta bertako saltokien eta tabernen arduradunak horretaz jabetzeko hainbat bisita egiteko asmoa iragarri dute egitasmoaren sustatzaileek. Arozenak azaldu duenez, "dendari eta tabernariei jakinarazi behar zaie euskara erabiltzeak balio erantsia emango diola beren negozioei; turistek benetakoa den esperientzia bizi nahi baitute Urola Kostara etortzen direnean; eta noski, eskualdeko herritarrak erosoago sentiarazteko modua ere ematen du euskararen presentziak". Aipatu bisitetan, egitasmoaren mezuak emateaz gain, euskararen egoera nolakoa den neurtzeko informazioa jasoko dute, alegia, hizkuntza paisaia nolakoa den aztertuko dute, erabilera neurtu eta beharrak identifikatu. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide