Enpresen digitalizaziora bideratutako hiru tailer eskainiko ditu UKUEk otsailetik aurrera

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 21a

Pertsona bat, mugikorra eskuetan duela.

Inplantalariak programaren bidez, eskualdeko enpresei haien lehiakortasuna, eraginkortasuna eta egungo ingurune digitalera egokitzeko gaitasuna hobetzen lagunduko zaie. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) enpresen digitalizaziora bideratutako prestakuntza zikloa jarri du martxan, haien lehiakortasuna, eraginkortasuna eta egungo ingurune digitalera egokitzeko gaitasuna hobetzeko helburuarekin. Ekimen hau SPRIren Inplantalariak programaren barruan garatuko da, eta sektore teknologikoko profesional espezializatuek parte hartuko dute, enpresei beren errealitateari, gaitasunei eta negozio helburuei egokitutako irtenbide digitalak identifikatzen eta ezartzen laguntzeko.

Tailerrek prestakuntza praktikoa eta aholkularitza uztartuko dituzte, parte hartzaileak egunerokoan aplikatu ditzaketen teknologien erabileran gaituz. 

Hiru tailer praktiko

Programa hiru tailer ezberdinek osatzen dute, eta saioak eraldaketa digitalaren arlo garrantzitsuetan daude oinarrituta. Lehenengo tailerra otsailaren 5ean izango da, eta tresna digitalen bidez, zeregin eta proiektuen kudeaketa hobetzean oinarrituko da. Parte hartzaileek lana sistema zentralizatuetan antolatzen, metodologia arinak aplikatzen, datuak jatorritik digitalizatzen eta taldeak koordinatzen ikasiko dute, besteak beste. Onuren artean daude atzerapenak murriztea, akatsen gutxitzea eta jarraipen bileretan ematen den denboraren murrizketa.

Bigarren tailerra martxoaren 5ean izango da, eta saio honetan bulego mugikorraren kontzeptua landuko dute, edonondik negozioaren dokumentaziora eta egoerara modu seguru batean nola sartu azalduz. Mugikorreko Adimen Artifizialeko laguntzaileekin egingo da lan, zereginak arintzeko, profil oso espezializatuekiko mendekotasuna murrizteko eta kanpoko lana errazteko. Enpresek negozioaren kontrol handiagoa, landa eremuko kudeaketa arinagoa eta paperaren erabileraren murrizketa nabarmena lortuko dituzte.

Azkenik, hirugarren tailerra maiatzaren 7an izango da, eta bertan, Adimen Artifiziala erabiliz, zeregin errepikakor eta ohikoak automatizatzen ikasiko dute. Posta elektronikoa automatikoki kudeatu eta sailkatzen, dokumentazioa laburbiltzen, bilerak transkribatzen, datuak akatsik gabe jasotzen eta negozio bakoitzerako AAko laguntzaile egokiena aukeratzen erakutsiko dute, besteak beste.

Izen ematea, zabalik

Izen ematea dagoeneko zabalik da, eta horretarako interesdunek galdetegi hau bete beharko dute. Informazio gehiago eskuratzeko, enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi daiteke, baita 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu ere. Saio guztiak UKUEren egoitzan (Urdaneta bidea, 6) egingo dira, 09:15etik 12:15era, hain zuzen. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide