2026a estreinatu berri, garai aproposa da 2025ak eman duenaz jabetzeko, eta esan daiteke, beste urte batez, albisterik behintzat ez dela falta izan Aian eta Orion. Era guztietakoak izan dira, batzuk onak eta besteak txarrak, eta horien guztien berri herritarrei ahalik eta modu zintzoenean ematea izan da Gukaren ahalegina –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Idatziz zein bideoz albiste, erreportaje eta elkarrizketa ugari ondu ditu Gukak 2025an ere; hain zuzen ere, Orio Gukaren atari honetan 2-775 eduki argitaratu ditu urtebetean; egunean, batez beste, zortzi eduki.
2025ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 537.514 bisita izan ditu webgune honek, edo gauza bera dena, egunean batez beste 1.473 bisita, Google Analytics neurgailua oinarri hartuta Behategiak egindako zenbaketaren arabera. Bisita kopuruan hazkundea izan duela erakusten dute datu horiek, urtebetean %4,3koa hain justu, 2024an 515.153 bisita izan baitzituen webgune honek.
Azken urteetako joerari eutsita, 2025an ere herritarrak batez ere eskuko telefonotik sartu dira Orio Gukaren webgunera; hala egin dituzte bisiten hiru laurdenak.
Webgune honen datuak ez ezik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainontzeko hedabide digitalenak ere oso onak izan dira iragan berri den urtean. Taldearen sei webguneek –Azkoitia Guka, Azpeitia Guka, Orio Guka, Zarautz Guka, Zumaia Guka eta Guka–, guztira, 10.757.687 bisita izan dituzte, eta horrela, aise hobetu dituzte aurreko urteetako zenbakiak. Izan ere, 2024an, denera, 9.942.528 bisita izan zituzten taldearen webguneek, eta 2025ean, ia milioi bat bisita gehiago pilatu dituzte.