Orioko Udalak udan jakinarazi zuen urrian eraitsiko zutela herriko pilotalekua, baita haren ondoan dauden etxebizitzak ere, eta hala, Ospele pilota elkarteak eta udalak herriko frontoia agurtzeko ekitaldia antolatu zuten irailean, pilotaren bueltan aritutakoekin, hasiberriekin eta herritarrekin batera behin betiko agur beroa emateko guneari.
Orioko frontoia leku berean –Eusko Gudari kalea– egon da XX. mende hasieratik. 1919. urtean eraiki zuten, eta 1977. urtean, berriz, estali. Orain, ordea, garai berrietara egokitzeko unea iritsi zaio.
Plan berriaren zain
Frontoi berria eraiki bitartean, pilotariek eta pilota eskolakoek Zaragueta Herri Eskolakoa erabiliko dute entrenamenduetarako, eta horregatik, udan hainbat hobekuntza egin dizkio udalak. Orain arteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, Zaragueta aldameneko partzelan soilik eraiki daiteke frontoi berria. Plan orokor berria abeduan behin betiko onartuta egotea espero dute, eta horrek aukerak zabaldu egingo ditu. Hori bai, erabakita dagoena da frontoi txiki bat izango duela Eusko Gudari kaleak.
Frontoia auzoko ikur bilakatuta
Santio Errekako frontoia 1982. urtean eraiki zuten. Bi paretarekin, 21 metroko luzera eta ia 10 metroko zabalera ditu. Pilota partidetarako ez ezik, auzoko jaiak ospatzeko eremu aparta ere bilakatu da.
Hain zuzen ere, uztaila amaieran festa giroan murgilduta izaten dira auzotarrak, eta Santio Errekatik igarotzen den orok pilotalekua beti ikusiko du goraino beteta: herri bazkari jendetsuek, harri jasotze txapelketek eta, noski, pilota partidek hartzen dute auzoko frontoi kutuna.
Historia presente auzo guztietan
Aiak ez du frontoi bat; zazpi ditu. Eta bertako auzoak txikiak diren arren, arreta deitzen du nolako frontoiak aurki daitezkeen txoko horietan; izan ere, nortasun handia ematen diote herriari. Santio Errekatik hasi eta Altzolara iritsi arte, pilotan jokatu nahi duen orok ez du aitzakiarik izango, Aiak sekulako ekipamendua baitu kirol hori praktikatzeko.
1995. urtean berreraiki zuten Aiako frontoia, zaharra zegoen toki berean, herrigunean, eta 2008. urtean beirazko estaldura jarri zioten, erabat babestuta gera zedin. Tamainari dagokionez, hamar koadroko luzera du, eta 400 lagunentzako esertokiak ditu. Hiru aldagela, dutxak eta komunak ere baditu kirolarientzat.
Transmisioaren garrantzia
Orioko frontoian Ospele elkarteak entrenatzen du, eta Aian, berriz, Aiako Pala Taldeak. Gainera, urtero legez, haurrei eta gazteei zuzendutako pala eta esku pilota txapelketak jokatzen dituzte horietan, herriko kirol elkarteek antolatuta. Aurten, Aian, 41. Eskuzko Pilota eta 34. Pala Txapelketak jokatu dituzte, kirolaren transmisioa indartuz eta gaztetxoei pilotaz gozatzeko aukera luzatuz.
Kirola eta kultura uztartuz
Andatza auzoan ere pilotaleku dotorea dute auzo eskolaren alboan. Euritik babesteko leku aproposa bilakatzen da edozein unetan, frontoia estalia delako eta argiztapena ere baduelako. 22 metroko luzera du, eta iaz, Aiako Udalak mantentze lanak egin zituen auzoetako frontoietan, tartean Andatzakoan. Polikarbonatozko estalki berria jarri eta teilatuko hodiak garbitu zituzten, besteak beste.
Auzo txikietako altxorrak
Pagoetako mendiaren mendebaldean dago kokatuta Altzola auzoa. Duela gutxira arte, Gipuzkoako lekurik urrunenetakoa izan da, Urdanetarekin lotzen duen errepidea 1985ean eraiki baitzuten. Herrigune txikia izan arren, San Roman eliza, XVII. mendeko Mojaetxea eta XIX. mendeko hilerria aurki daitezke bertan, baita oraindik zutik dagoen frontoia ere,1900. urtearen bueltan eraikitakoa. 1990. urtean berreraikia, 19 metroko luzera eta 8 metroko zabalera ditu, eta elkargunea ere izaten da San Roman festetan.
Frontoia, auzotarren gotorleku
Urdaneta auzoan kokatua, bertako frontoiak 22 metroko luzera eta 150 lagunentzako harmaila estalia ditu, eta horman zehazten duen bezala, 1996. urtean egindakoa da.
Pilota partidak jokatzeko erabiltzeaz gain, frontoia Urdanetako ikur bilakatu da, eta estu-estu loturik dago bertako jaiei. Izan ere San Martin jaien bueltan, frontoiak auzotarrak babesten ditu azaroko haize hotzetik, eta afariak, bertso saioak nahiz herri kirolak hartzeko eremu bikaina bihurtzen da.
Historia betirako zizelkatuta
Urdanetan frontoi berria eraiki baino lehen, auzotarrek metro eskasetara aurki daitekeen pilotalekua erabiltzen zuten partidak jokatzeko. Gaur egun haurrentzako jolastokia eraiki dute lur horien gainean, baina historiak horman zizelkatuta jarraitzen du.
Hain zuzen ere, pilotaleku zaharraren alboko etxean inskripzio bat dago jasota. Bertan, Patri Azkue Aldanondo pilota jokalaria jaio zela adierazten da. Eleuterio Etxenikeren joko laguna izan zen Azkue, eta harekin Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1930ean.
Zaharra eta berria, aurrez aurre
Elkano auzoko bizilagun zaharrenek pilotaleku gisa ere ezagutu zuten hango San Pedro ermita. Izan ere, gaur egun pilotan jokatzeko primerako instalazioa duten arren, duela urte asko ermitaren fatxada erabiltzen zuten frontoiko paretatzat. Lurrera begiratuz gero, bitxikeria bat ere ikus daiteke: Zarautz eta Aia arteko mugarria aurki daiteke pilotan jokatzen zuten lurzoruan, ermitaren aurrean, zehazki.
Oso bestelakoa da gaur egungo frontoia. Estalia da, Santio Errekakoaren tankerakoa, eta elkartea ere badu alboan, Urtetakoaren antzera. Lurren zati bat Zarauzkoa izan arren, Aiako Udala arduratzen da bertako ekipamenduaren mantentze lanez.
Instalazio dotorea
Elkano auzoak frontoi berria du 2015. urtetik. Auzotarrek urte luzez eskatu zuten pilotaleku berria, eta behin udalbatzarrean erabakia onartuta, Urbykolan SA enpresak egin zituen obrak. Gazteategi jatetxearen atzealdean eraiki zuten frontoia. Euskaldunek sake ona dute pilotan, baina baita jaterakoan ere, eta frontoiarekin batera, elkarte berria ere eraiki zuten alboan.
Argazkiak: Julene Sorarrain eta utzitakoak.







