Herriz herri eta doan banatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen egunetan 2016rako prestatu duen egutegia. Aurten ere lehiaketa bidez aukeratu dituzte foru erakundearen egutegirako irudiak, eta Errezilgo, Orioko eta Zarauzko irudiak daude argitalpena ilustratzeko aukeratu dituztenen artean.
Egutegiaren banaketari dagokionez, egutegiak Gipuzkoako herri bakoitzean zer egunetan, tokitan eta ordutan banatuko dituen jakinarazi du gaur aldundiak. Urola Kostako herrietan abenduaren 14an, 15ean eta 16an jarriko dituzte banaketa postuak. Oriori dagokionez, abenduaren 14ean egingo dute egutegiaren banaketa, 10:00etatik 11:00etara, Herriko Plazan. Aian, berriz, abenduaren 15ean izango dute herritarrek egutegia eskuratzeko aukera, 10:00etatik 11:00etara bitartean, Gozategi enparantzan.