Teknologiaren inguruko haur eta nerabeentzako ikastaroak emango ditu UKUEk Gabonetan

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 6a

Haurrak ordenagailuarekin jolasten. (Wikimedia)

Ikastaroa 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, eta bertan errealitate birtualeko bideo jokoa eta industria makinak diseinatzen ikasiko dute, besteak beste. Ikastaroa abenduaren 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an izango da, eta izen-ematea zabalik egongo da abenduaren 18ra arte.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), OpenLab ekimenaren harira, errealitate birtuala ulertu eta praktikan jartzeko bi ikastaro antolatu ditu 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Abenduaren 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an izango dira saioak, hain zuzen, UKUEren egoitza nagusian, 09:30etik 13:30era. Ikastaroan zehar, parte hartzaileek Proiektuak Afrikan eta Industria 4.0 plataformak ezagutuko dituzte, zehazki.

Lehenengo plataformari dagokionez, Proiektuak Afrikan errealitate birtualeko bideo jokoarekin arituko dira 7 eta 10 urte bitarteko gazteak. Tailer horretan, errealitate birtuala eta errealitate areagotua erabilita, murgiltze esperientzia propioa asmatu, diseinatu, modelatu eta programatuko dute. Hori ez ezik, Afrikako zenbait eskualdetarako planteatutako erronkak gainditu beharko dituzte, besteak beste, ura eta energia lortu, baratzeak sortu, ospitale bat eraiki edota dron bidez elikagaiak banatu.

Industria 4.0 programa, aldiz, 11 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta tailerrean fabrika adimendu bat asmatu, diseinatu, modelatu eta programatuko dute. 

Izen-ematea dagoeneko zabalik da eta interesdunek abenduaren 18ra arte izango dute horretarako aukera. Parte hartzeko, galdetegi hau bete beharko da, eta ondoren, ekimenaren kudeatzaileak jarriko dira gazteekin harremanetan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide