Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroak 25. Urola Kostako herrietako Gizarte Zerbitzuek jasotako datuen arabera, gutxienez 161 emakume izan dira indarkeria horren biktima aurten. Nabarmen egin du gora kopuruak, iazkoaren ia bikoitza baita –86 kasu artatu zituzten iaz–, baina gorakadaren zergatia ez dago jakiterik, udalek findu egin baitituzte zenbaketak. Adin guztietakoak eta askotariko jatorrietakoak dira erasoa jasan dutenak.
Aian, aurten oraingoiz indarkeria matxista kasu baten berri izan dute Gizarte Zerbitzuek. Indarkeria psikologikoa eta sexu indarkeria jaso ditu erasotzailearengandik pertsona horrek, eta 27 urteko emakumea da, jatorri atzerritarrekoa. Iazko garai bereko datuekin alderatuta, kasu bat gutxiago zenbatu dute aurten Aian. Bi emakume horietatik batek sexu erasoa salatu zuen; besteak, indarkeria psikologikoa.
Orion, berriz, iazko azarotik orain arteko datuen berri eman dute. Guztira, 29 izan dira Gizarte Zerbitzuek zenbatutako kasu berriak, nahiz eta lehenagoko hemeretzi kasuri jarraipena egiten ari diren. Adinari erreparatuta, 30 eta 40 urte artekoak dira erasoa jasan duten gehienak, baina 20 eta 30 urte artekoen kopurua ere esanguratsua da. Kasu gehienak indarkeria fisiko kasuak dira; hamasei, hain zuzen. Indarkeria psikologiko kasuen (7), bortxaketen (2), indarkeria bikario kasuen (1) eta sexu indarkeria kasuen (3) berri ere izan dute, dena den. Iaz, hamasei kasuren berri izan zuten. Gora egin dute, beraz, Gizarte Zerbitzuek artatutako kasuek.
Mobilizazioak
Ohi bezala, gaur iluntzerako mobilizazioak deitu dituzte herrietan. Aiako Emakume Taldeak elkarretaratzea antolatu du 19:15erako plazan. Aurrez, ordea, txokolate beroa banatuko du. 19:00etan elkartuko dira zimitorioan, eta "berezia" izango dela aurreratu dute.
Orion ere 19:00etarako jarri du hitzordua Orioko Mugimendu Feministak. Herriko Plazan elkartu, eta manifestazioa egingo dute Arrantzale kaleko banku morera, Lourdes del Hoyo hil zuten tokira, alegia.