Akelarre bihotzean

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 23a

Gozategi aste honetan bere dendan, Akelarreko kide bakoitzari oparitu zien koadroarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Akelarre: marearen kontra izeneko dokumentala emango dute hilaren 28an Aiako Probalekuan, eta ondoren mahai ingurua eta mokadua izango dira. Jarraitzaile ugari ditu taldeak Aian, eta Orion ere bada bat urte askoan sutsuki jarraitu dituena: Jose Manuel Gozategi. Dokumentalean ere agertu da oriotarra.

Jose Manuel Gozategi oriotarrari galdetu zioten ea parte hartuko al zukeen Akelarre musika taldeari buruzko dokumentalean, eta "animatu" egin zen. "Ni adinako jarraitzaileak izango dituzte, baina ni ere oso zale handia naiz", kontatu du. Aian hurrengo ostiralean, hilaren 28an, emango dute Akelarre: marearen kontra izeneko ikus-entzunezkoa, eta Gozategik taldearekin duen harremana azaldu du. 

"Fetxentzako buru txarra" duela dio, baina badaki noiztik jarraitzen duen taldea: "Gauero diskoa grabatu zuen Usurbilen, eta orduan sartu zitzaidan grina. Taldea gustatu egin zitzaidan, eta toki guztietara jarraitzen hasi nintzaien". 1995. urtekoa da diskoa, eta beraz, buelta horretan hasi zen taldea jarraitzen Gozategi ere. "Igandero izaten zen haiekin erromeria hemen inguruan: Aginagan, Usurbilen, Aian... Festa guztietan normala zen Akelarre eta Egan bezalako taldeak ibiltzea, eta ni Akelarrerekin gelditu nintzen". Musika mota hori "oso gustuko" duela esan du: "Erotzen nintzenean gozatu egiten nuen dantzan edo erokeriak egiten", bota du.

Aiako saioa, berezia

Dokumentala Lekeition (Bizkaia) estreinatu zuten urriaren 19an, Lekeitioko 48. Euskal Zine Bileran, eta Gozategi bertan izan zen familiarekin. Lana "izugarri gustatu" zitzaiola kontatu du, "oilo ipurdia jarri" zitzaiola esan du. "Ez ni ateratzen nintzelako, oroitzapen pila bat ditudalako baizik". Emaztea Akelarreren kontzertu batean ezagutu zuen, eta beraien ezkontzan jo zuen taldeak. "Niretzako opari onena hori izan zen", oroitu du. "Sekulako giroa jarri zuten, eta abeslaria han ibili nuen, bizkarrean hartuta".

Dokumentalean Akelarre berarentzat zer den kontatu omen zuen. "Niretzat familia handi bat izan da, eta hala dira oraindik ere. Oso ondo konpondu izan gara, ni parrandan, eta beraiek lanean, baina elkar errespetatu izan dugu beti". Oraindik urtean behin sagardotegian elkarrekin ibiltzen direla azaldu du.

Bere bizipenak kontatu bitartean, Gozategi fruta dendan zintzilikatuta duen koadroetako bat jaitsi du hormatik. Bera ageri da argazkian Akelarreko musikariekin, eta albo banatara, bina bertso. "Xabier Sukiari eskatu nion bertsoak egiteko, eta taldekide banari oparitu nion koadro bera Aian, erretiratu aurreko azken kontzertua eman zutenean", esan du. 

Aian ere taldeak baditu jarraitzaile sutsuak. "Urtero bi bider joaten ziren hara jotzera", gogoratu du Gozategik, "etxekoak bezala dituzte han", eta antza, aiarrak zerbait berezia ari dira prestatzen datorren asteko emanaldirako. Gainera, dokumentalaren proiekzioaren ondoren mahai ingurua egongo da taldeko kide batzuekin, eta ondoren, mokadua.

Proiekzioa 20:00etan izango da Probalekuan, eta sarrerak 20 euroan daude salgai, aiaturismoa.eus atarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide