Enpresen kudeaketa lantzeko tailerrak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), Ekiten Ikasgune 2025 ekimenaren barruan. Saioak azaroan hasiko dituzte, eta otsailera arte iraungo dute. UKUEk azaldu du enpresa bakoitzak interesekoak zaizkion saio guztietan eman dezakeela izena.
Prestakuntza tailer guztiak 09:00etik 13:00era izango dira, UKUEren egoitza nagusian. Plaza kopurua mugatua da, eta, izena emateko honako lotura honetan dagoen galdetegia bete behar da.
Hala, Ekiten Ikasgune ekimenaren helburua da ekintzaile nahiz enpresariei beren enpresa-ideiari edota enpresari buruzko hausnarketa sustatzea, eta kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko hainbat erreminta eskaintzea.
Honakoa da UKUEk eskainiko dituen saioen zerrenda:
- 2025eko azaroaren 14an. Ekitean jakin beharrekoak eta negozio plana: Ekintzaileek enpresa bat martxan jartzeko prozesuan kontuan hartu beharrekoak azalduko dira bertan: negozio plan bat egiteak duen garrantzia, eta bertan aztertu beharrekoak, besteak beste. Halaber, eduki ditzaketen diru-laguntzen inguruko informazioa ere emango da.
- 2025eko azaroaren 28an. Merkatu azterketa, marketina eta plan komertziala: Ekintzaileak merkatuan beste enpresa batzuekin lehiatu behar du, eta bere bezero potentzialek merkatuan beste aukera batzuk ere badituzte. Hala, komunikazioak produktuak/zerbitzuak merkatuan aurkezteko duen garrantzia azalduko da: plan komertzialaren edukia, marketin online eta sare sozialak...
- 2025eko abenduaren 12an. Enpresaren kudeaketa ekonomikoa: Kudeaketa ekonomikoak eta horren jarraipenak duen garrantzia azalduko da. Ekintzaile bakoitzak bere negozioaren zenbakiak ulertu eta egoki kudeatzea da helburua.
- 2026ko urtarrilaren 16an. Forma juridikoak eta eratzeko izapideak: Ekiteko era juridiko ezberdinak eta enpresa abian jartzeko egin beharreko izapideak hartuko dira kontutan.
- 2026ko otsailaren 6an. Zerga arloa: Enpresa bat martxan jartzeak dakartzan zerga betebeharrak esplikatuko dira: Ticket Bai, PFEZ, BEZ.
- 2026ko otsailaren 20an. Langileen autonomoen erregimen berezi: Langile autonomo izateak zein ezaugarri dituen agertuko da: kotizazioa, prestazioak… Langile baten eta autonomo baten desberdintasunak.