Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eskualdeko lantokiei bultzada emateko ekimenak abian ditu: Bertanin eta Industriaguneak Bizirik, esaterako. Enpresetara talentua erakartzea eta industriaguneetan berrikuntza sustatzea dute helburu bi programek, eta Urola Kostako enpresek parte har dezakete. Bi proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu, Eskualdeak 2025 hitzarmenaren barruan.
Zehazki, Bertanin programaren asmoa da enpresei lantoki erakargarriagoak eta lehiakorragoak izaten laguntzea. Exekuzio azkarreko programa bat da: behaketa prozesu labur baten bidez, enpresa bakoitzarentzat hobekuntza planak definitzen dira, eta, horrela, enpresak zuzenean jakin dezake non eragin hautagaientzat erakargarriagoa izateko.
Lan-ildo honen bidez, langileen inguruan enpresak dituen balioak aztertuko dira; talentuarentzat erakargarria egingo duten ekintza plana zehatza definitu dezake; eta talentua erakartzeko eta fidelizatzeko tresnak eta praktika onak ezagutuko ditu.
Industriaguneak bizirik programaren helburua, berriz, industriaguneetan dinamismoa eta berrikuntza sustatzea da, enpresen arteko lankidetza gune bat sortuz eta Urola Kosta eskualdeko industriaguneen komunitate sendoa eraikiz. Ekimena martxan jartzeko, ezinbestekoa da enpresen errealitatea hurbiletik ezagutzea. Horretarako, UKUEk eskualdeko industrialdeetan kokatutako enpresen diagnostikoa egingo du lehenengo, galdetegi labur bat beteta. Ondoren, erantzunekin diseinatu eta landuko ditu gaiak eta ekintzak. Hala, ekimenean parte hartu nahi duten enpresek diagnostikoa egiteko eskaera egin dezakete lotura honen bitartez.
Gainera, diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta Industriagunea Bizirik ekimena aurkezteko, azaroaren 20an lehen topaketa egingo dute, UKUEren egoitza nagusian.Topaketan izena eman nahi duten enpresek ondorengo galdetegia bete behar dute.