Etxeberria anaiek irakurle gazteentzako 'Medium' komikia kaleratu dute

Julene Sorarrain 2025ko urr. 31a, 16:00

Xabier Etxeberria eta Martin Etxeberria anaiak. (Aritz Mutiozabal)

Bilboko industrializazioa eta espiritismoa uztartzen dituen komikia kaleratu berri dute idazle zarauztarrek, Iñaki Gonzalez Holgado ilustratzaile eta komikigilearekin elkarlanean. Elkar argitaletxeak eman du argitara lana, euskaraz, eta dagoeneko eskuragarri da.

Xabier Etxeberria Aiako bizilagunak eta haren anaia Martinek beraien azken proiektua aurkeztu dute: 8 eta 12 urte bitarteko irakurleei zuzendutako Medium komikia, hain zuzen. Iñaki Gonzalez Holgado ilustratzailearekin elkarlanean sortu dute lana, eta Elkar argitaletxeak plazaratu du, euskaraz.

Kontakizuna XX. mende hasierako Bilbon kokatu dute, eta industrializazioaren garaiko une gogorrak bizi dituen Dolores du protagonistetako bat. Sara izeneko neska espiritista batek, aldiz, alargun aberats baten heriotza aurreikusten du zeina handik gutxira mamu baten esku hiltzen den eta, ondorioz, krimena ikertzen hasten da kartzelatik salbatzeko. 

Komikiak historia eta espiritismoa uztartzen ditu, eta autoreek kontatu dutenez, Sherlock Holmesen unibertsoan inspiratu dira istorioa sortzerakoan. "Ingalaterran kokatuta dagoen unibertso edo garai hori, Bilbora ekarri nahi izan dugu, irakurle gazteek bertako historiaren berri ere izan dezaten", azaldu dute idazleek. Kontakizunean zehar, erreferentziak egin dizkiete, besteak beste, proletariotzaren sorrerari edota Bizkaiko meatzeei.

Beste alde batetik, garai hartan espiritismoak zuen garrantzia ere nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, doktrina honek hildakoekiko harremana "erlijioaren atzaparretatik kentzeko" balio izan zuela azaldu dute anaiek, baita emakumeak gizonezkorik gabe elkartzeko aitzakia gisa ere. 

Halaber, Gonzalezek komikiak "modu tradizionalean" egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta argi utzi du lan hau adimen artifizialik gabe sortu duela. Ilustratzaileak tonu monokromoak lehenesten dituen arren, komiki honetan laranja eta morea izan dira nagusitu diren koloreak.

Amaitzeko, Etxeberria anaiek azaldu dute nobela beltz on batek "oinarri soziala" izan behar duela, eta kasu honetan, langile klasearen esplotazioari egin diote erreferentzia. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide