Basque Segurtasun Foroak eskualdeko saioa egin du Zarautzen

Intza Trula 2025ko urr. 15a, 15:00

Bingen Zupiria eta Urola Kostako ordezkari instituzionalak, Basque Segurtasun Foroaren saioan, atzo. (euskadi.eus)

Urola Kosta eskualdeak prebentzioaren, larrialdien kudeaketaren, bide segurtasunaren eta elkarbizitzaren arloetan dituen behar zehatzak aztertu zituzten atzoko saioan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak eta Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak parte hartu zuten saioan, eta bertan izan ziren, besteak beste, Aiako, Aizarnazabalgo, Getariako, Orioko eta Zarauzko udal ordezkariak.

Basque Segurtasun Foroak Urola Kostako saioa egin zuen atzo Zarautzen, eskualdeko ordezkari instituzionalekin batera. Astiko udal eraikinean burutu zuten saioa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriarekin eta Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozarekin. Horiekin batera, bertan izan ziren, besteak beste, Aiako, Aizarnazabalgo, Getariako, Orioko eta Zarauzko udal ordezkariak.

Bilkuran, besteak beste, eskualdeak prebentzioaren, larrialdien kudeaketaren, bide segurtasunaren eta elkarbizitzaren arloetan dituen behar zehatzak aztertu zituzten. Hori hala, bertan izan ziren ordezkariek euren esperientziak eta oraingo eta etorkizuneko segurtasun erronken erantzun bateratua hobetzeko proposamenak partekatu zituzten.

Ordezkari instituzionalez gainera, herriko beste hainbat eragiletako kideek ere parte hartu zuten atzoko bilkuran, hala nola Zarauzko ertzain etxekoek, Osakidetzako arduradunek, udaltzainek, Gurutze Gorrikoek, Balentziaga museokoek, ikastetxeetakoek, erretiratuen elkartetakoek eta kirol elkarteetakoek.

Basque Segurtasun Foroa hainbat saio ari da egiten Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta parte hartze prozesuaren xedea da segurtasunari buruzko ikuspegi integral batetik diagnostiko partekatua egitea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide