Aia-Orio eta Zarauzko San Pelaioko geltokia arteko tren zerbitzua berrezarriko du Euskotrenek biharko lehen ordutik aurrera. Orioko gainaren azpitik igarotzen den Zudugaraiko tunela indartzeko lanak uste baino lehenago amaitu dituzte, eta hala, bihartik aurrera ez da autobusetara aldatu beharrik izango bidaia egiteko.
Zudugaraiko tunela Bilbo-Donostia linean dago, Aiako udalerrian. 740 metro luze ditu eta trenbide bakarrekoa da. Azken asteotan egindako lanen bidez, tuneleko tarte bat buloiez eta hormigoi proiektatuz sendotu dute. Lanek iraun duten denboran, tren zerbitzua etenda egon da San Pelaioko eta Aia-Orioko geltokien artean, eta zerbitzua autobusen bidez eskaini behar izan dute.