Palestinaren alde Iruñean egingo duten manifestaziorako autobusa jarri dute kostaldetik

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 30a, 09:30

Manifestazioa iragartzeko egindako ekitaldiko argazkia. (Euskalerriairratia.eus)

Datorren larunbatean egingo dute manifestazioa Iruñean, eta autobus bat igaroko da Zumaia, Getaria eta Zarauztik. Oriotarrak eta aiarrak Zarautzera gertura daitezke autobusa hartzera.

Manifestazioa egingo dute datorren larunbatean, hilaren 4an, Iruñean, Palestinarekin Elkartasuna eragileak deituta. Batetik, Israel egiten ari den sarraskia, eta haren konplizeak, salatzea du mobilizazioak helburu. Bestetik, Palestinako erresistentziari babesa adierazi nahi diote ekintza horrekin. 

Nafarroako hiriburura bertaratzeko autobusa jarriko dute eskualdetik, eta Zumaiatik, Getariatik eta Zarauztik igaroko da. Zumaian Patxita Etxezarreta kalean geratuko da, goizeko 10:00etan; Getarian, 10:10ean autobus geltokian; eta Zarautzen 10:20an, Sanz Eneako geralekuan. Oriotarrek eta aiarrek Zarautzen har dezakete autobusa manifestaziora bertaratzeko. 

Interesdunek aurrez txartelak eskuratu beharko dituzte. Zumaian, Nikol tabernan izango dira eskuragarri, eta Zarautzen Orbelan. Mail bidez ere lekua gorde ahal izango da, urolakostatik.iruneara@gmail.com helbidera idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide