Iraunkortasuna eta eredu zirkularra xede, 'Zuk konpondu, zuk berrerabili' kanpainaren bitartez

Mireia Galarza Bastida 2025ko ira. 23a, 10:00

Ekimenaren bitartez, bigarren eskuko azokez gain, arropak eta tresna elektronikoak erreparatzen ikasteko ikastaroak eskainiko dituzte UKUEk, Emaus Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako egitasmoan. Aian ostiral honetan izango dira azoka eta tailerrak, eta Orion, urriaren 17an.

Herritarren kontsumo ohiturak eredu iraunkorrago eta kontzienteago baterantz gidatzeko eta ekonomia eredu zirkularra bultzatzeko helburuarekin, Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpaina aurkeztu zuten joan den astean Urola Kostako Udal Elkarteak eta Emaus Gizarte Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailaren laguntzaz. Bertan, bigarren eskuko azokaz gain, arropak eta tresna elektronikoak erreparatzen ikasteko ikastaroak eskainiko dituzte urriaren 17ra arte, Urola Kostako bost herrietan. Ekimena testuinguratzeaz eta azaltzeaz arduratu ziren aurkezpenean Ion Arozena UKUEko lehendakaria eta Emaus Fundazioko Aitziber Zubillaga. Gonbidatu bezala izan zen bertan Markel Velez Darrk arropa marka iraunkorreko sortzaile zarauztarra. 

Arozenak azaldu zuenez, ekimenaren jomuga oso garbia da, "ahalik eta hondakin gutxien sortzea", etxean herritarrek dituzten eta oraindik aprobetxatu daitezkeen objetuei bigarren bizitza bat emanda. Bigarren bizitza bat bermatu aurretik, baina, objektuek horretarako aukera eman behar dutela azpimarratu zuen: "Eskualdean baditugu guk jada nahi ez ditugun arropak biltzeko edukiontziak, baina garbi eduki behar dugu ezin dugula edozer bota, eta arduratsuak izan behar dugu horrekin". Errespetuzko mezua ere zabaldu nahi izan zuen Arozenak: "Jendeak zerrikeria botatzen du edukiontzi horietan, eta hori ezin da onartu". Aldi berean, jendea gonbidatu zuen ekimenean parte hartzera. 

Emaus Fundazioko zuzendariak, bere aldetik, nabarmendu nahi izan zuen ekimena martxan jartzeko herrian-herriko eragileekin jarri direla kontaktuan, "sarean sortutako programa" dela berresteko. Hain zuzen, 45 urte bete ditu aurten Emausek, eta hasieran bezala, egun ere "ingurumenaren eta inklusioaren aldeko ekintzak" sustatzea dute helburu. Bide horretan koka daiteke, beraz, Zuk konpondu, zuk berrerabili kanpaina. Aldi berean, gizarte eraldaketan sinesten dutela gaineratu zuen Zubillagak, eta hor kokatzen dute gizarteko talde zaurgarrien eskubideak defendatzen dituzten taldeekin kolaborazioa. 

Daark arropa markako diseinatzaile zarauztarrak ere bide berean koka daitekeen mezua eman zuen, berak ere jada existitzen den arropa erabiltzen baitu diseinu berriak sortzeko. Eta zera gehitu zuen: "Moda mezu bat da, eta baita erantzukizuna ere. Beraz, sortzen dugunak eragina du ingurugiroan, pertsonengan eta etorkizunean ere". 

Astero, herri bat

Aurreneko hitzordua, aurreko astean, Zarautzen izan zen, baina astez aste Urola Kostako herri guztietara lekualdatuko dute ekimena. Zehazki, ostiral honetan, hilak 26, Aian izango da. Urriaren 3an, 10ean eta 17an, berriz, Getarian, Zumaian eta Orion jarriko dituzte bigarren eskuko azoka eta konponketa tailerrak. 

Hona hemen, herriz herri eta orduz orduko programa:

  • Irailak 19: Zarautz, Lege Zaharren Enparantza 
    • 12:00-19:00. Bigarren eskuko azoka
    • 16:00-19:00. Joskintza tailerra
    • 17:00-19:00. Tresna elektronikoen tailerra
  • Irailak 26: Aia, herriko plaza
    • 17:00-20:00. Bigarren eskuko azoka eta tailerrak
  • Urriak 3: Getaria, herriko plazako frontoia
    • 17:00-20:00. Bigarren eskuko azoka eta tailerrak
  • Urriak 10: Zumaia, Eusebio Gurrutxaga Plaza
    • 11:00-19:00. Bigarren eskuko azoka
    • 16:00-19:00. Joskintza tailerra
    • 17:00-19:00. Tresna elektronikoen tailerra
  • Urriak 17: Orio, herriko plaza
    • 11:00-19:00. Bigarren eskuko azoka
    • 16:00-19:00. Joskintza tailerra
    • 17:00-19:00. Tresna elektronikoen tailerra

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide