Ordezko garraio zerbitzua jarriko dute bihartik aurrera, Zarautz eta Orio arteko tren zerbitzua eteteagatik

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 14a, 09:00

Trenbidea. (Euskal Trenbide Sarea)

Zarauzko San Pelaio eta Aia-Orioko geltokiak arteko tren zerbitzua etengo dute bihartik aurrera Orioko Gainaren azpitik igarotzen den tunel batean egin beharreko lanak tarteko. Ordezko autobus zerbitzua ezarri dute Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek lanek irauten duten denborarako.

Orioko Gainaren azpitik doan Zudugarai tunela indartzeko lanak abiatuko ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS) bihartik aurrera. Aipatu lanek urriaren 4ra arte iraungo dute, eta denbora horretan Zarauzko San Pelaio eta Aia-Orioko geltokien arteko tren zerbitzua eten egingo dute, lanak egin ahal izateko.

Lanek irauten duen bitartean, ETSk eta Euskotrenek ordezko garraio zerbitzua eskainiko dute, bi terminalen arteko autobus-zirkulazioarekin. Ordezko zerbitzua honakoa izango da:

Astelehenetik ostiralera, lanegunetan

  • Donostiara joateko joan-etorriak (San Pelaio osteko geltokiren batera joateko): San Pelaioko geltokira iristean, autobus batera aldatuko da, bidaia azken helmugara arte jarraitzeko.
  • Joan-etorriak Bilborako noranzkoan (Aia/Orio osteko geltokietara joateko): Aia/Orioko geltokira iristean, Eibar helmuga duen autobus batera egingo da garraio aldaketa. Eibarko geltoki horretan berriro trenera aldatuko da, Bilborako bidaia jarraitzeko.

Larunbatak eta igandeak

  • Donostiara joateko joan-etorriak (San Pelaio osteko geltokiren batera joateko): San Pelaio geltokira iristean, Aia/Orioraino joateko autobus batera egingo da garraio aldaketa bidaiarekin jarraitzeko. Aia/Orioko geltoki horretan berriro trenera aldatuko da, Donostiarako bidaiarekin jarraitzeko.
  • Joan-etorriak Bilborako noranzkoan (Aia/Orio osteko geltokietara joateko): Aia/Orioko geltokira iristean, Eibar helmuga duen autobus batera egingo da garraio aldaketa. Eibarko geltokian berriro trenera aldatuko da, Bilborako bidaia jarraitzeko.
  • Ordezko zerbitzura sartzeko autobusaren geralekuak honako hauek dira: Aia/Orio (geltokitik gertu dagoen autobus-geralekua, Arin eta Embil altzari-dendaren ondoan) eta San Pelaio (hiri-autobusaren geralekua, Suhiltzaileen biribilgunearen ondoan).

Geralekuak

Bidaiariak jaisteko geldialdiak honako hauek izango dira:

Zarautz eta Eibar artean:

  • San Pelaio (Zarautz): Pilartxo-enea autobus geralekua.
  • Zarautz: Nafarroa Kalea-Gurutze Gorria autobus geralekua.
  • Zumaia: geltoki ondoan.
  • Arroa (Zestoa): N-634 Arroabea autobus geralekua.
  • Deba: N-634, geltokiaren ondoan.
  • Mendaro: autobus-geralekua, Zubia geralekuaren ondoan.
  • Altzola (Elgoibar): N-634 autobus geralekua, geralekuaren ondoan.
  • Toletxegain (Elgoibar): N-634 Mupen autobus geralekua (J. Larrañaga, S.L. tailer mekanikoen ondoan).
  • Elgoibar: Sigma 2 auzoa autobus geralekua.
  • Azitain (Eibar): Azitaingo gasolindegiaren ondoan.
  • Eibar: Estaziño kalea, geltokiaren ondoan.

Orio eta Donostia artean:

  • Orio: N-634 autobus geralekua, geltokiaren ondoan.
  • Usurbil: N-634 autobus geralekua, geltokiaren ondoan.
  • Errekalde (Donostia): GI-2132 autobus-geralekua, geltokiaren ondoan.
  • Añorga (Donostia): GI-21 Añorga Txiki II autobus-geralekua, biribilgunearen aurretik.
  • Lugaritz (Donostia): Lugaritz Euskotren autobus-geralekua, geltokiaren ondoan.

Trenek ohiko ordutegia izango dute San Pelaio (Zarautz) eta Bilbo artean, eta Aia/Orio eta Donostia artean.

Autobusez bidaiatzeko, honako hauek hartu behar dira kontuan:

  • MUP: Dibertsitate funtzionala duten eta garraio-premia bereziak dituzten pertsonek 943-50 43 50 telefono-zenbakia izango dute eskura, joan-etorriak prestatu ahal izateko.
  • Bidaiaren plangintza: erabiltzaileek kontuan izan beharko dute azken helmugara iristeko ordutegian aldaketaren bat egon daitekeela trafikoaren egoeraren arabera.
  • Etxeko animaliak: muturrekoa duten txakurrak bakarrik daude baimenduta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide