Lau prestakuntza ikastaro eskainiko ditu UKUEk, laneratzea sustatzeko

Aiora Arriola 2025ko abu. 22a, 09:00

Urola Kostako Udal Elkarteak Elkarekin Lanean programako lau ikastaro formatibo eskainiko ditu langabezian dauden pertsonentzat, urritik aurrera. Prestakuntza horiek industria, zaintza, sukaldaritza eta estetika arlokoak izango dira, eta enplegagarritasuna hobetzeko eta lan aukerak zabaltzeko helburua izango dute.

Elkarekin Lanean Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategiaren barruan kokatzen da, eta herritarrak laneratzea erraztea du xede, elkarlan publiko-pribatuan oinarrituta. Urola Kostan –Aia, Orio, Getaria, Zarautzen eta Zumaian–, udalerriek, enpresek eta bestelako eragileek bat egiten dute helburu horrekin, eskualdeko erronkei erantzuteko eta lan-merkatuan aukera gehiago sortzeko. Estrategia honek lau ardatz nagusi ditu: gobernantza kolaboratiboa, kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea, lurraldeko enpleguaren kalitatea bultzatzea eta pertsona guztien enplegagarritasuna eta koalifikazioa sustatzea.

Urritik aurrera industria, zaintza, sukaldaritza eta estetika arloko ikastaroak eskainiko dituzte. Ikasketa horiek egiten dituztenek prestakuntza ziurtatua, osagarriak eta laguntza pertsonalizatua jasoko dituzte. Antolatu dituzten ikastaroen izen emateak urriaren 3an amaituko dira.

Honako hauek izango dira ikastaroak:

  • Emakumeak Industrian. 2025eko urritik 2026ko martxora, 15:00-20:00, Zarautzen. Ziurtagiri profesionala: FMEE0108 – Fabrikazio mekanikoko eragiketa osagarriak – 440 ordu + 20 orduko prestakuntza zeharkakoa + bide-laguntza.
  • Zaindu Urola Kosta. 2025eko urritik 2026ko martxora, 15:00-20:00, Zarautzen. Ziurtagiri profesionala: SSCS0208 – Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa erakundeetan – 450 ordu + 20 orduko euskara prestakuntza + bide-laguntza.
  • Urola Kosta Sukaldatzen. 2025eko urritik 2026ko uztailera. 14:30eti 19:30era, Zarautzen. Ziurtagiri profesionala: HOTR0408 – Sukaldaritza – 810 ordu + 20 orduko euskara prestakuntza + bide-laguntza.
  • Urola Kosta Estetika. 2026ko otsailetik 2026ko ekainera, 15:30etik 20:30era, Zarautzen. Ziurtagiri profesionala: IMPE0108 – Estetikako zerbitzu osagarriak – 360 ordu + 20 orduko euskara prestakuntza + bide-laguntza.

Ikastaro hauetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da langabezian egotea. Interesa dutenek Udal Elkartearekin harremanetan jar daitezke 943-89 08 08 telefono zenbakira deituz, lanpoltsa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi edo Urola Kosta Lan Poltsako datu basean sartuta, bere profileko prestakuntza atalean. .

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide