Aiako festak 2025

Larunbat honetan eta hurrengoan autobus zerbitzu berezia egongo da Aiako festetara joan-etorria egiteko

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 30a, 10:07

Aiako festetan izandako kontzertu bat.

Larunbat honetan VII. Gazte Eguna ospatuko dute Aian, eta datorren astean San Donato eta San Lorentzo jaiak izango dira.

Aian festetan murgilduko dira datozen egunetan, eta ohi bezala, egun batzuetan autobus zerbitzua indartu egingo dute erakundeek. Zehazki, larunbat honetan, abuztuak 2, eta hurrengoan, abuztuak 9, autobusak ordu gehiagotan egongo dira Aiara joan-etorria egiteko Oriotik eta Zarauztik. 

Aiatik Oriora bueltatzeko, Zarauztik 0:25, 2:25 eta 4:25ean aterako dira autobusak Aiarantz. Zerbitzu hauek Aiatik 0:45, 2:45 eta 4:45ean igaroko dira, eta 1:10, 3:10 eta 5:10ean iritsiko dira Oriora.

Alderantziz, Aiatik Zarautzera bueltatzeko, autobusak1:40an, 3:40an eta 5:40an irtengo dira Oriotik. Aian geldialdia egin, eta Zarautzen amaituko dute zerbitzua. 

Zerbitzu bereziaren inguruan beren iritzia eman dute Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak zein Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasun diputatuak. Azken horrek azpimarratu du "herri txikienetan garraio publikoaren bidezko konexioa bermatzea herri horiek bizirik mantentzeko modu bat" ere badela. Azpirozek, berriz, herritar guztiak animatu nahi ditu jaietan garraio publikoa erabiltzera: "Festak lasai eta arriskurik gabe gozatzeko, utz ditzagun kotxeak etxean eta egin dezagun garraio publikoaren alde”, esan du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide