Abuztuaren 2an jokatuko dute aurtengo Donostiako Klasikoa. Antolatzaileek iragarri dutenez, 211,4 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre txirrindulari profesionalek egun horretan, eta, ohi bezala, Urola Kosta eskualdean zehar egingo dute bide lehen zatia, tartean, Aian eta Orion.
Eguneko lehen mendatea Aia eta Asteasu (Gipuzkoa) arteko Andazarraten izango dute txirrindulariek; 6 kilometroko luzera duen hirugarren mailako mendateari egin beharko diote kirolariek han. Hain justu, Andazarratetik barrena sartuko da lasterketa eskualdean, eta hurrenez hurren, herri hauek zeharkatuko ditu: Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa eta Azpeitia. Azpeitian, Urraki mendatea igo beharko dute txirrindulariek; 8,6 kilometro ditu bigarren mailako mendate horrek. Urraki gainditutakoan, Tolosaldera egingo du jauzia lasterketak.
Hortaz, Orioko gainetik Zarautzera arteko trafikoa moztuta egongo da, goizeko 11:00etatik lasterketa igaro arte (13:00ak aldera, gutxi gorabehera). Tarte horretan, Zarautz aldera joan nahi dutenek autopistatik joan beharko dute, Donostia aldera irten eta Aritzetan norabidea aldatuta.