Zarauzko garbigune berriaren proiektua "guztiz geldirik" dagoelako bere "kezka" adierazi du ohar bidez Urola Kostako EAJk, eta egoera horren arduradunak seinalatu ditu: "EH Bildu eta Urola Kostako Udal Elkarteko Ion Arozena presidentea dira Zarauzko garbigune berriaren proiektua geldirik egotearen arduradunak", esan du alderdi jeltzaleak. "EH Bilduk, eta zehazki, Ion Arozenak, dokumentazio arazo baten aitzakiarekin estali nahi dute erantzukizunak uztea, baina arazoa ez da teknikoa, kudeaketa politiko eskasa baizik", gaineratu du, Arozenak ekain erdialdera egindako adierazpenei buruz. Orduan Arotzenak esan zuen garbigunearen azpiegitura iazko apiriletik amaituta dagoela, baina obrez arduratu den enpresak ez diola dokumentazioa eman nahi udal elkarteari, eta, ondorioz, ezin duela ireki.
Urola Kostako EAJk gogorarazi du 2022. urtean lizitatu zituztela garbigune berriaren obrak, eta baita horiek abiarazi ere, EAJ bera zegoenean udal elkarteko gobernuan: "Proiektua finantzatua zegoen eta hiru fasetan egitea aurreikusten zen: lehenik, garbigune berria eraikitzea; ondoren, zaharra eraistea; eta azkenik, eraitsitako gunea urbanizatzea, aparkaleku berriak eta La Salle ikastetxeraino oinezkoentzako sarbidea sortuz".
Lan horiek 2024ko uztailean amaitzea aurreikusten zela esan du, baina EH Bilduk 2023an udal elkarteko gidaritza hartu zuenetik "aurrerapausorik ez" dela egon salatu du. "Bi urte igaro dira eta lehen fasea ere ez da amaitu", gaitzetsi dute. Horregatik, alderdiak Arozenari exijitu dio "azalpen argiak eman eta garbigunea berehala martxan jartzeko neurri eraginkorrak hartu" ditzala. "Zarautzek eta Urola Kostak ezin dute gehiago itxaron EH Bilduren eta Ion Arozenaren ezintasuna eta arduragabekeria estaltzen duten aitzakien atzean", esan dute.
EAJren ustez "kudeaketa gabezia hori" EH Bilduk proiektuan duen "interes faltarekin lotuta dago; izan ere, 2020an publikoki adierazi zuten beraientzat garbigune berria ez dela lehentasuna", esan du eskualdeko alderdi jeltzaleak.