UKUEko langileek "beldur egoera" bizi dutela salatu du Urola Kostako EAJk

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 16a, 13:00

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza.

Jeltzaleek ohar bidez salatu dutenez, UKUEko langileek "egoera jasanezina" pairatzen dute. Hori dela eta, erantzukizun politikoa eskatu dio EH Bilduri. 

Salaketa larriak egin ditu Urola Kostako EAJk Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) langileek bizi duten lan baldintzak direla eta. Ohar bidez salatu duenez, "antolaketa berriak eraginda", "egoera jasanezina" bizi dute UKUEko langileek. Lan krisialdi hori agerian geratu zen, beti ere EAJren arabera, ekainaren 5ean egin zuten mankomunitateko kontseiluaren bileran. "Bertan, zerbitzuburuek eskubide murrizketa eta 37 langileren artean nagusitu den 'errepresalien beldurra' salatu zuten", dio oharrak.  

Horren aurrean, "erantzukizun politikoa" eskatu diote jeltzaileek EH Bilduri. Haien esanetan, "EH Bilduk gidatzen duen Lehendakaritzak ezin du alboratu azken asteotan langileek egindako adierazpen larriak. Hain zuzen, langileek 'kalte zuzenak' eta 'urte eta erditik hona dagoen egoera jasanezina' salatu dituzte eta gardentasuna exijitu dute".

Urola Kostako EAJk oharrean jasotzen duenaren arabera, UKUEko lantaldeak "argi utzi" du arazoa ez dela prozedura akatsei lotutakoa bakarrik, "baizik eta lan‑eskubideen urraketa sistematikoa eta euren osasun fisiko zein psikologikoan eragin zuzena duen egoera bat". 

Mankomunitateko langileek elkartasuna adierazteaz gain, EAJk erantzukizuna UKUEko presidente Ion Arozenaren gain utzi dute. Epe bat ere jarri dute egoera zuzentzeko: Ekainaren 30a baino lehen "beharrezko neurri guztiak onartzea exijitu" dute, "plantillaren konfiantza berreskuratu eta herritarrei zerbitzu bidezkoa eta eraginkorra bermatzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide