Euskaraldia hasi bezperetan jakinarazi zuten zenbat ahobizi eta belarriprest egongo ziren maiatzaren 15etik 25era Aian eta Orion, baina egitasmoa pasatu eta azken errepasoa egindakoan, kopuru berriak agertu dira, Euskaraldian zehar ere izena ematen jarraitu dutelako herritarrek. Hala, azken datuak eman dituzte egunotan: bi herriak batuta, ia 1.000 norbanakok eman dute izena. Aian 183 izen-emate egon dira guztira, –161 ahobizi eta 22 belarriprest–, eta Orion, 770 –672 ahobizi eta 98 belarriprest–. Hikaldian parte hartu dutenen daturik ez dute zehaztu oraingoz.
Euskaraldian izena eman duten entitateei buruzko kopuruak bai, horiek jakinarazi dituzte: Aian seik parte hartu dute, eta Orion, berriz, 38k.
Parte hartze kopuruetatik harago, herrietako batzordeek egunotan egingo dituzte aurtengo egitasmoaren balorazioak, 11 egunez hamaika ekintza ere egin direlako herriz herri.