Jon Lukas: "Ikasten jarraitu behar dut datorrenerako prest egoteko"

Julene Sorarrain 2025ko mai. 28a, 09:02

Jon Lukas aktorea. (utzitakoa)

Jon Lukas (Aia, 2000) protagonista duen Desagertuta telesaila estreinatu berri dute Primeran plataforman. Aktorea duela sei urte joan zen Oriora bizitzera, eta euskara ikasten ari da orain bertako euskaltegian.

EITBk Desagertuta telesaila estreinatu berri du, eta zu zara protagonistetako bat. Nolako esperientzia izan da grabaketa?

Amets bat izan da niretzat telesaila grabatu eta esperientzia hain jende onarekin partekatu izana.

Saioa euskaraz zein gazteleraz kaleratu dute. Erraza izan al da bi hizkuntzatan grabatzea?

Egia esan, erronka handia izan da, baina oso harro nago nire lanaz.

Zer-nolako harremana sortu duzu beste aktoreekin eta zuzendariekin?

Familia harreman bat sortu dugu, benetako adiskidetasunean oinarrituta, eta hori telesailean nabaritu egiten dela uste dut. Aktoreek, zuzendariek eta Ainhoa Aierbe aktoreen zuzendariak asko lagundu naute.

Zure lehen lana izan al da aktore bezala?

Beste proiekturen batean lan egin dut, baina ez hau bezain handian. Txikitatik gustatu zait antzezpenaren mundua, baina duela hiruzpalau urte hasi nintzen aktore lanetan.

Orain euskara ikasten ari zara Orion. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Besteak beste, euskaraz lan egitea eta lagunekin euskaraz aritzea nahi nuelako. Bestalde, euskal kultura ulertzeko aukera eman dit euskara ikasteak, baita jendearekin hartu-emanak izateko beste modu bat ere.

Beste pertsonekin hitz egitean, euskaraz aritzen al zara orain?

Lehen hitza euskaraz izan dadin saiatzen naiz, eta hortik aurrera, elkarrizketa euskaraz jarraitzen dut.

Euskaraldian Orioko hamalaukoa osatu duten kideetako bat izan zara. Nolako esperientzia izan da hori?

Esperientzia ona izan da, eta euskara ikasten jarraitzea espero dut.

Ba al duzu proiektu berririk esku artean?

Aurretik Power up saioan egin dut lan, eta uztailean hirugarren denboraldiarekin jarraituko dugu. Bestalde, rol txiki bat izango dut aurten beste telesail batean. Hala ere, ikasten jarraitu behar dut datorrenerako prest egoteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide