Aiako Probalekuan idi proben bi txapelketa egin dituzte joan den ostiralean hasi eta astelehenera bitarte. Txapelketa nagusia Aiako XXX. Kintopeko Idi Probena izan da, larunbatean eta astelehenean jokatutakoa, eta horretan etxekoa izan da nagusi: Patxi Arzadun. Haren idi pareak 60 plaza egin zituen, guztira. Bigarren tokian Iñaki Lopategi gelditu zen, plaza bat gutxiago eginda, 59rekin. Hirugarren tokia, berriz, Etxetxorentzat izan zen, 57 plazarekin.
Sei partaide ziren, eta laugarren Mendipe elkartea gelditu zen, 54 plazarekin. Bosgarrena eta seigarrena besteengandik urrun ibili ziren: Uzkudunek egin zuen bosgrren, 44 plaza, 4 zinta eta 1,20 metrorekin eta, azkenik, Asador Iruñak seigarren, 34 plaza eta 2,21 metrorekin.
Irabazleak 1.400 euro, manta eta garaikurra jaso zituen, bigarrenak 1.200 euro eta garaikurra, hirugarrenak 1.000 euro eta garaikurra, laugarrenak 900 euro, bosgarrenak 800 euro, eta seigarrenak, 700 euro.
Aurrez, ostiralean, Idi Nagusien Udaberri Saria jokatu zuten toki berean, harri berriarekin – 1.800 kiloko Okelan harria–. Olalde nagusitu zen han, 69 plaza eginda, Igone Pagadizaba izan zen bigarren 68 plaza, 6 zinta eta 1,88 metro eginda, eta Iñaki Oliden oriotarra hirugarren, 59 plaza, 2 zintza eta 1,37 metro eginda. Olidenen idiek aurreneko proba izan zuten ostiralekoa, eta harri berria probatzeko aukera eduki zuten.
Udaberri Sariko irabazleak 1.000 euro eta garaikurra jaso zituen, bigarrenak 850 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak, 700 euro eta garaikurra.