Zimenduak kolokan

Etxebizitza, erronka eta kezka iturri

Andoni Elduaien 2025ko mar. 11a, 09:46

Zarautzen Salberdin eremuan ari da hazten etxebizitza parkea. (Mireia Galarza Bastida)

Egun, etxebizitzarena, herritarren kezka nagusienetakoa da. Duela gutxira arte gizarteak bigarren maila batean  izan duen ardurak areagotzera egin du. Etxebizitza eskuratzeko joerak aldatzen ari dira; hala diote datuek.

Gizartearen egungo kezka nagusienetako bat da etxebizitzarena. Eta ez da gutxiagorako: etxebizitza bat jabetzan edota alokairuan eskuratzeko dauden baldintzek buruhauste handiak sortzen dituzte herritarrengan. Gizartea gehien kezkatzen duten arazoetan bosgarrena da etxebizitzarena, enpleguaren eta osasunaren atzetik. Ordea, enpleguarekin batera, bigarren kezka iturri nagusia da etxebizitzarena 18 eta 35 urte bitartekoen artean. Kezka hori erronka bihurtu da erakundeentzat, eta agenda politikoaren erdigunean kokatu dute etxebizitza politika. 

Jabetza edo alokairua, hori da gaur egungo etxe eskatzaileen aurreneko dilema. Datuek argitu ohi dituzte sarri askotan halako zalantzak, eta etxebizitzaren inguruan ere atera daitezke zenbat ondorio. 2013tik 2023ra bitartean, behera egin du Urola Kostan etxebizitza bat jabetzan eskuratzeko joerak, eta aldiz, hazi egin da pisu bat alokairuan hartzekoa. Beraz, argia da egun etxe bat eskuratzea xede duten herritarrak zer joera hartzen ari diren.

Etxebizitza bat jabetzan hartzeko joerak behera egin du azken urteetan

Eskualdean, Beizaman egin du gora soilik etxebizitza bat jabetzan eskuratzeko moduak. Gainerako herrietan jaitsi egin da jabetzako etxeen zenbatekoa, eta, hain justu, beherakada hori nabariagoa da kostaldeko herrietan. Zarautzen, bost puntu eskas egin zuen behera kopuru horrek 2013tik 2023ra –%80,1 zen 2023an–; Zumaian eta Orion, ostera, lau puntu inguru jaitsi zen –2023an, %82,8 Zumaian, eta %79,7 Orion–. Ordea, etxe bat jabetzan zutenen artean, Getarian izan zen jaitsierarik handiena; han, %84,6tik %78,8ra egin zuen behera kopuruak.

Etxebizitza parkea, baina, hazten ari da Urola Kostan, batik bat, Azkoitian, Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Bost herriok alderatuz gero, kostaldeko herrietan hazi da gehien etxe kopurua. 2013tik 2023ra bitartean, 300 etxebizitza eraikita hazi zen Azpeitiko etxebizitza parkea –guztira, 6.800 inguru–. Ordea, Zarautzen eta Zumaian, 500 eta 400 etxe eraiki zituzten 2013tik 2023ra, 11.800 eta 4.700 inguru izateraino, hurrenez hurren.

Etxe horiek, baina, zer egoeratan zeuden? 2013an, Urola Kostako etxebizitza guztien %77 ziren etxebizitza nagusiak, alegia, egunerokoan erabiltzen zituzten eskualdeko herritarrek; gainontzeko %23 ziren bigarren etxebizitzak eta etxe hutsak. Aldiz, bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen ehunekoak behera egin zuen, eta etxebizitza nagusienak haztera. Hain zuzen ere, 2023an eskualdeko etxebizitzen %82 eguneroko erabilerarako etxebizitzak ziren, eta %18 ziren bigarren etxebizitzak eta etxe hutsak.

Salerosketak hazten

Etxebizitza parkea hazten ari den heinean, horien salerosketa kopuruak ere gora egin du urtez urte. Adibidez, 2022an berdindu edo gainditu egin zen Urola Kostako herri gehienetan 2007. urtean egindako salerosketa kopurua. 2007an, Azkoitian salerosi ziren etxe gehien. Harrezkero, baina, mantendu egin da han kopurua, gainerako herri gehienetan bezala. Ez, ordea, Zarautzen. Kostako herri handienean hirukoiztu egin da 2007tik etxebizitza salerosketa mugimendua. 

Biztanle gutxien dituzten eskualdeko herrietan erabatekoa da bigarren eskuko etxebizitzen salerosketa; izan ere, 2023an salerosi ziren etxebizitza guztiak bigarren eskukoak izan ziren Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Zestoan. Biztanle gehien dituzten herrietan, ordea, zerbait baxuagoa da zenbatekoa: Zumaian, saltzen diren hamar etxetatik zortzi dira bigarren eskukoak; Zarautzen, hamarretik lau besterik ez; eta Azkoitian, Azpeitian eta Orion erdiak baino gehiago dira.

Etxebizitzen salerosketa kopurua gora egiten ari da eskualdean

2007an, salerositako etxebizitzen erdiak inguru bigarren eskukoak ziren; azken hamarkadan, baina, hamarren bat altuagoa da salerosketa modu hori. Dena den, Gipuzkoako gainontzeko eskualdeekin alderatuta, zertxobait baxuagoa da Urola Kostan bigarren eskuko etxeen salerosketa, nahiz eta urtez urte ari den gorantz egiten.

Eta prezioak gora

Gora egin duen beste aldagaia, eta inolako mugarik gabe gainera, alokairu errentaren prezioa da. 2016tik 2023ra bitartean, 100 eta 150 euro inguru garestitu zen alokairuaren prezioa Urola Kostan. Azkoitian, esaterako, 466 eurokoa zen 2016an alokairuaren batez besteko prezioa, eta 570 euro ingurukoa, duela bi urte. Nolanahi ere, Azkoitia da eskualdeko bost herri handienen artean alokairu prezio merkeena duen herria. Balantzaren beste aldean daude kostaldeko herriak: Orion eta Zarautzen, esaterako, 800-900 euro arteko alokairu prezioa dute etxebizitzek. 

Etxeen alokairu prezioak gora egin badu ere, Urola Kostako herritarren artean hazi egin da alokairurako joera. Getarian, esaterako, zazpi puntu baino gehiago egin du gora azken hamarkadan alokairuko etxebizitzen zenbatekoak; %9,8tik %17ra, hain justu. Oro har, etxea alokairuan dutenen zenbatekoa handiagoa da kostaldean. Alokatzeko joera hori orokortuta dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, Etxebiden erregistratutako eskatzaile berriek alokairuaren alde egiten dute egun. Zerbitzu horretan, alokatzeko eskaera %15 igo da hiru herrialdeak kontuan hartuta; etxebizitza erosteko eskaera, berriz, %6,1 jaitsi da.

Metro koadroa Hego Euskal Herri osoko garestienetakoa da Urola Kostan

Alokairuaren prezioak bakarrik ez, ordea, etxebizitzenak ere etenik gabe jarraitzen du hazten. Urola Kostan, etxebizitzen metro koadroaren batez besteko salneurria Hego Euskal Herri osoko garestienetakoa da. Soilik Donostialdean dago metro koadroa Urola Kostan baino garestiago. 2013an, batez beste 3.150 euro balio zuen metro koadroak eskualdean, eta 2023an, 3.825 euro inguru. Hala, Gipuzkoako batez bestekoa (3.430 euro) gainditu zuen eskualdekoak.

150 euro

Alokairu prezioa gora

Eskualdez eskualde orokortu da alokairu prezioaren igoera. Urola Kostako herrietan 150 euro inguru igo da, batez beste.

Joera horri, galga

Azkoitiak, Zestoak eta Zumaiak tentsio handiko eremu izateko baldintzak betetzen dituzte, eta izendapena lortzeko bidean dira.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide